Foru Aldundiak Gipuzkoako menpekotasun prestazioen proposamen berria aurkeztu zuen asteartean. Foru gastua 3,5 milioi euro igoko da, eta maila eta puntuazio bidezko zenbatekoak ezabatuko dira. Horrela, hiru graduak bakarrik geratuko dira: 1, 2 eta 3.
Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak esan du proposamen berri honen helburua dela, alde batetik, «2 eta 3. graduak, hau da, menpekotasun haundiena dutenak, indartzea»; eta, bestetik, Menpekotasun Legeak ekarritako «garapenera egokitzea».
16 orduko ikastaroa
Horretarako lehen aldiz formakuntza eskatuko da, 16 orduko ikastaroa, prestazioa jasotzeko eskakizun berriei. Laguntza kenduko zaie 85 urte baino gehiagoko zaintzaileei, hauek familiako beste zaintzaile bat edo prestazioa eskatu dezakete laguntzailea kontratatzeko.
Gaur egun 11.000 pertsona inguruk kobratzen dute prestzioa 180 eta 520,69 euro artean, hilabetero, etxeko arretarengatik. Gainera, urtean behin, Foru Aldunditik banakako jarraipen bat egingo da etxeetara bisitak eginez.
«250 lanpostu berri»
Horren harira, nabarmendu dute Gipuzkoan 16.000 pertsonei eragiten dien araudi berriak «etxeko arreta bultzatuko duela, horretarako ere LPPE (laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoa) sustatuta. Nolanahi ere, zenbateko berri horiek Estatuan ezarrita daudenak baino haundiagoak izango dira». «Horrek guztiak –aurreratu du Maite Peñak- 250 lanpostu berri ekarriko ditu, zaintza profesionalaren arloan».
Hiru prestazio daude: FIZPE, LPPE eta ZAPE
Eskubide subjektiboko prestazioak dira, eta 3 prestazio daude, beren artean bateraezinak: FIZPE (familia inguruan zaintzeko prestazio ekonomikoa), hau da, zaintzaileak senideak berak direnean ; LPPE (laguntza pertsonaleko prestazio ekonomikoa), hau da, kanpoko laguntza kontratatzen denean; eta ZAPE (zerbitzuari atxikitako prestazio ekonomikoa), plaza pribatu bat ordaintzen laguntzeko Administrazioak plaza publiko bat ordaintzerik ez duen bitartean. Azken horren zenbatekoa igo egingo da orain, prestazioa erakargarriagoa izan dadin.
16.000 pertsona prestazioarekin eta 59 milioiko gastua
«16.000 pertsona daude hileko prestazioarekin, eta urteko gastua 59 milioikoa da. Izan ere, pertsona gehiago daude prestazioekin, foru laguntza zentroetan dauden edo etxeko laguntza duten pertsonak baino», nabarmendu du diputatuak. Zentzu honetan, zehaztu duenez, «menpekotasuna duten pertsonen %57ak prestazio bat dauka, eta 8 urtean zero gastutik urteko ia 60 milioiko gastura pasa gara».
Aldaketa nagusiak
Mailakako eta puntuazioaren araberako zenbatekoak ezabatzeaz gain, proposatzen den aldaketa nagusia da 2. eta 3. graduko pertsonek ezin dutela FIZPE eskuratu eta ezin dutela eskuratzen jarraitu, baldin eta zaintzaile adinez oso aurrera eginak badituzte -85 urte edo gehiago-. Ezabatu egingo da itxaron zerrendan 3 hilabete eraman beharreko baldintza ZAPErako, eta malgutu egingo da prestazioaren jarraipena. Halaber, kualifikazio profesionalaren baldintzak arautzen dira LPPErako, baita derrigorrezko prestakuntza familia zaintzaile berrientzat ere, eta banako jarraipen bat ezartzen da.