Oiartzunera zeukan irteera Mundarrok, larunbatean, Erregional Preferenteen Mailan; beti zaila eta deserosoa izaten den zelai batera. Baina Karla Lekuonatik hiru puntuak ekartzea lortu zuten moreek, Oiartzuni 0-1 irabazita.
Ez zuten bere partidu borobilena jokatu astigartarrek; baina hala ere, garaipen garrantzitsua lortu zuten, denboraldiko bigarrena.
Hasi eta berehala, partiduko gol bakarra
Ideiak oso garbi zituela zelairatu zen Mundarro, aurreko asteetako lan onari jarraipena emateko asmoz. Nagusi izan zen aurreneko minutuetan, eta baita aprobetxatu ere: 7garrenean sartu zuen Aitor Labacak partiduko gol bakarra, Beñaten pase baten ondoren.
20garren minutura arte, agintzen jarraitu zuen Mundarrok, baina behera egin zuen gero, eta tokia hartzen hasi zen Oiartzun. Presioa haunditu egin zuen bigarren zatian, berdinketaren bila, baina ondo eutsi zion Mundarrok.
Garaipen horrekin, seigarren postura igo dira moreak, ligako sailkapenean.