LIDL supermerkatuak saltoki berria irekiko du etzi Hernanin, Galarreta eremuan eta Udalak, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko asmoz, hitzarmen bat sinatu du enpresarekin. Bezeroei arreta euskeraz ematen bermatzea eta paisaian -kartelak, seinaleak, idatziak- ere euskarak beste hizkuntzek duten presentzia izatea dira hitzarmenaren bi ardatz nagusiak.
Langileen hizkuntza gaitasuna
Herritarrekin harreman zuzenean dauden langileek gauza izan behar dute herritarrei euskerazko arreta emateko. Horretarako, Lidl-ek kontuan hartuko du betebehar hori Hernaniko dendarako langileak hautatzeko garaian.
Hizkuntza paisajea
Merkatalgunearen barnean nahiz kanpo aldean dauden errotulu, seinale, panel eta herritarrentzako informaziozkoak diren gainerako elementu finko nahiz aldagarrietan euskeraren presentzia, gutxienez, beste hizkuntzen maila berekoa izatea. Herritarrentzako prestatuta dauden erreklamazio orri, ohar eta gainerako elementu idatzietan euskeraren presentzia, gutxienez, beste hizkuntzen maila berekoa izatea.
Udalarekiko harreman-hizkuntza
Herritarrekiko harreman-hizkuntzaz gain, euskeraz bizi den administrazioa denez Hernaniko Udala, «gurekiko harremana euskeraz gauzatu dadin ere nahi genuke. Horretarako, gure nahia da Udalarekiko harremanez arduratuko den pertsona euskalduna izatea, ahal den neurrian, gurekiko ahozko nahiz idatzizko komunikazioa euskeraz gauzatu dadin».
Hernaniko Udalak, Udaleko Euskara Zerbitzuaren bidez, aholkularitza zerbitzua eskainiko dio Lidl enpresari, hala behar izanez gero, plana aurrera eramateko. Halaber, Udalak planari jarraipena egingo dio eta, horretarako, gutxienez, urtean behin bilera bat egingo du enpresako arduradunekin.