Hezkuntza Eskolak etzi, ostegunean, lehen saioa edukiko du eta bertan Haur eta nerabeen sexualitate arloan segurtasunez eskuhartzeko irizpideak azalduko dira. Udaletxeko areto nagusian eskainiko da lehen Hezkuntza Eskola. 19:00etan. Hizlaria Nerea Sancho da. Arremanitz Kooperatiban lan egiten du. Sexologia arloan aditua da eta Klimak! eta Taupadak! Sexuen Hezkuntzako ikasmaterialen egilea da.
Nola landu ezagutzea ezinbestekoa guraso eta hezkuntza eragileentzako
Antolatzaileen esanetan: «sexualitatea, banako bakoitzak desberdin egiten duen dimentsioa da. Berau, txikitatik nola landu ezagutzea ezinbestekoa da hezkuntzako eragile zein gurasoentzako. Honen inguruan tradizionalki jasotako eta ukatutako informazioa eta hezkuntzak, helburu hau segurtasunik eta irizpide sendorik gabe egitera eraman izan du. Bereziki, gogo onez, haur zein gazteen biografia sexualak positiboki eraikitzen saiatu diren horien kasuan».
«Haur eta nerabeei dimentsio eta ibilbide garrantzitsu horretan laguntzeko, zaintzeko eta modu askatzaile eta arduratsuan erabakiak hartzen laguntzeko oinarrizko jarrera, jarraibide eta ohitura eraikigarriak», modu ulergarri eta argian eskainiko dira.