Aurreko astean Kronikak aurreratu bezala, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietan dira ofizialki, Unai Agirre hernaniarra eta Agin Laburu astigartarra. Hernaniko Bertso Eskolako Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendirekin batera lehiatuko dira hemendik aurrera, finalerako txartela lortzeko.
Finalaurdenetan saioa irabazi ez zutenen artean egindako sailkapenean, aurrenekoa izateagatik pasa da Agin Laburu, 686 punturekin; laugarren geratu zen Agirre, 674,5 punturekin.
Aurreneko zita, Bastidan
Urriaren 28an jokatuko da, beraz, aurreneko finalerdikoa. Bastidan izango da, eta Agin Laburu izango da bertan. Azaroaren 1ean Irunen izango dira Unai Agirre eta Maialen Lujanbio, eta Maulen, hiru egun beranduago, Beñat Gaztelumendi. Aitor Mendiluze izango da azkena; Durangon kantatuko du, azkeneko zitan, azaroaren 12an.