«Bada garaia espresio ezberdinak kalean batu eta etsaiari hilda ez gaudela erakusteko»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 14a, 02:00

Betidanik izan da Hernani herri dinamikoa, baina azkenaldian, gazte eragile pila bat sortu dira, horietako bakoitza arazo konkretu baten atzean. Eta horien arteko «komunikazio faltari soluzioa» emateko sortu dute, duela hilabete Gazte Mugimenduen Koordi­na­dora. Irailaren erdialdean iragarri zuten beren sorrera, eta ordutik, gaurko egunean ari dira lanean buru-belarri. Izan ere, aurkezpen moduan, Gazte Eguna egingo dute gaur.

«Taldeak batera gauzak antolatzea da asmoa»
Koordinadora berria, eta bide batez, bakoitzaren lana herriari erakusteko erabiliko dute, ba­tik bat, egun hau: «goizeko ekintza azoka antzeko bat izango da, eragile bakoitzak bere postua jarriko du, eta bertan aurkeztuko ditu bere proiektuak eta etorkizuneko as­moak zein diren. Eta zerbait saltzeko daukanak ere, izango du aukera!», onartu dute Koor­dinadorako kideek.
Azaldu dutenez, bertan ikus­gai geratuko da gai desberdinak lantzen dituztela: etxebizitza, beste aisialdi ereduak, bezalako gai sozialak, baina beste batzuk politikoagoak, preso eta iheslariena bezalaxe.
Baina ez hori bakarrik, bakoitzak bere aldarrikapenekin kalera ateratzeaz gain, indar erakustaldi bat ere izango da gaurkoa: «bada garaia espresio ezberdinak kalean batu eta etsaiari hilda ez gaudela erakusteko», zioten sorrerako oharrean.
Eta momentu hau aukeratu dute, mugimenduan gertaera bat izan delako: «talde eragile bateko bi pertsona epaituak izango dira etxe bat okupatu izanagatik, eta modu batera edo bestera, elkartasuna adierazteko aukera ere izango da».
Baina, batez ere, epe luzerako mugimendua izatea nahi dute, eta asmoa da «taldeek batera gauzak antolatzea».

Gaur egun hamaika taldek hartzen dute parte Koordinadoran: Kanika, Herna­ni­ko Langileon Babes Sarea,  Su­tu, Ernai, Urrunegi, Denak Ala Inor Ez, Kontrakantxa gaztetxea, Kritikherri, Gazte bizilagunak, Hitzarrik euskera taldea eta Ikasle Abertzaleak.

Hamaika partaide, berriei irekita
Gazte Mugimenduen Koordi­na­doraren barruan, gaur egunean hamaika taldek hartzen duten parte: Kanika, Herna­ni­ko Langileon Babes Sarea,  Su­tu, Ernai, Urrunegi, Denak Ala Inor Ez, Kontrakantxa gazte­txea, Kritikherri, Gazte bizilagunak, Hitzarrik euskera taldea eta Ikasle Abertzaleak. Dena den gonbidapena luzatu dute, parte hartu nahi duenarentzat: «Koordinadora zabal eta irekia osatu dugu, eragile bakoitzaren autonomia osoa errespetatu eta elkar elikatzen duena. Bilera guztiak irekiak dira eta kudeaketaren ardura txandakatuz joaten gara. Edonork parte hartzeko aukera dauka, eta beraz, gazte mugimenduko eragile eta gazte orori gonbidapena luzatzen diegu guztion jardunak koordinatu eta bide berean borroka egin dezagun».

Aurkezpen ofiziala, gaurko Gazte Egunean
Horrela bada, azkeneko hilabeteetako lanarekin sortu dute gaurko eguneko egitaraua, goizeko 11:00etatik aurrera hasiko dena. Hortaz, eragileak aurkezteko postuek emango diote hasiera egunari, baina eguerdiko 12:00ak arte ez da hasiko, modu ofizialean behintzat, aldarrikapen festa.
Orduan, ekitaldi txiki batekin giroa berotzen hasi ondoren, bazkaria izango da 14:30e­tan Tilosetan, ohiko bazkalosterik faltatu gabe.
Hurrengo ekintza arratsaldez izango da, manifestazioa deitu dute 19:00etarako, aldarrikapenak kaleratzeko. Gauez, kontzertuak ez dira faltako, ezta DJa ere.

EGITARAUA
11:00, Eragileen aurkezpena, Tilosetan (euria eginez gero, Gaztetxean).
12:00, Ekimena, Tilosetan (euria eginez gero, Atsegindegin).
14:30, Bazkaria, Tilosetan (bestela, Gaztetxean). Txartela izatea ezinbestekoa izango da.
19:00, Manifestazioa.
22:00, Kontzertuak: Zartako-K eta Patxuko Nice.
Ondoren, DJa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!