Herriko eta inguruko albokariak topatuko dira gaur Hernanin, 24garren aldiz, Alboka Topaketan. Gaur izango da beraien egun haundia, goizetik arratsaldera arte aprobetxatuko dutena, eta bihar, kontzertua eskainiko du Bidaia taldeak.
Kale bueltak eta Albokaldia, goizean
Goizeko 11:30etan elkartuko dira denak udaletxeko arkupeetan, eta ondoren, talde bakoitza bere aldetik, kale buelta egingo dute Kaxkoan zehar.
Eguerdiko 13:00ak arte izango da hori, izan ere, orduan daukate jardunaldiko zita garrantzitsuena: Albokaldia. Tilosetan eskainiko dute emanaldia, eta bertako kioskora igoko dira Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroatik etorritako albokari taldeak. Eguraldi txarra eginez gero, ordea, Atsegindegin izango da.
Segidan, denek batera bazkalduko dute Santa Barbara Elkartean; eta bukatzeko, azkeneko kale buelta egingo dute, arratsaldeko 18:30ak aldera.
Milagrosan, bihar
Bihar jarraituko du 24garren Alboka Topaketaren programak. 18:30etatik aurrera Milagrosan aurkeztuko du Hitza diska berria Bidaia taldeak.