POSTARI lana familiatik datorkio Luis Lujanbiori. Aita, osaba, anaia... Denak izan dira Goizuetako postari.
Noiz hasi zinen postari bezala lanean?
Postariaren lanbidea aspaldikoa da gure familian. Aita, beste ofizio askoren artean, Goizuetako postaria ere bazen. Kontutan eduki behar da garai batean herri guztietan postari bat zegoela eta populazioaren arabera denbora gehiago edo gutxiagoko dedikazioa zeukala. Bera jubilatzerakoan, anai batek hartu zuen segida.
Handik gutxira, Aranoko postaria ere jubilatu egin zen eta bi herrietako zerbitzua bateratu egin zuen Correosek. Baserrietarako bideak kotxeekin ibiltzeko modukoak eraiki ziren eta posta-zerbitzua ere zabaltzen eta hobetzen ari zen. Ollingo minetan eta Añarbeko presa eraikitzen zebiltzan langileek, eta beraien familiak, sortzen zuten lana ere kontuan hartzekoa zen eta faktore horien ondorioz, lan-karga handitu eta beste ordutegi-murriztuko lanpostu bat sortu zen postari-laguntzaile gisa.
Pakete bat forma oso irregularrekin eramatea tokatu zitzaidan eta hartzaileak hor esaten dit: «Hara! Ailegatu da nere kotxen tubo-eskapea»
Zergatik hasi zinen postari lanetan?
Umetatik etxean ikusi eta bizitako lan bat izanik, hainbat denboralditan ordezkapen la-netan aritu izanak eta fundamenduzko beste lanik ez izateak animatu ninduen, 1987 urtean Correosek ateratako laguntzaile lanposturako oposaketetara aurkeztera, eta baita lortu ere!
Bi orduko lan kontratoa nuen oinezko banatzaile bezala eta 2012an, anaia jubilatu ondoren, izan nuen aukera jornada osoko lana edukitzeko, Goizueta eta Arano herrietako eta beraien baserrietako posta zerbitzu lanetaz arduratzeko. Lehen lankargagatik sortutako 2 orduko lanpostua orain lankarga gutxigatik desagertua. Ez da seinale ederra!
Gustoko ogibidea da?
Noski baietz. Azkenean, nik uste, edozein lanetan bezala, jarri egiten zarela. Kontuan izanik gaur egungo Goizuetako egoera, non lanpostu falta dela-eta, jendea kanpora dijoan eta herria hustutzen ari den, nere kasuan lana herrian bertan izateak ia-ia luxu bat bihurtzen du.
Nolakoa da Goizuetako postariaren eguneroko jarduna?
Lantoki gehienetan bezala, hemen ere egunero lan berdintsua egiten da. Goizuetara datorren posta Leitzatik dator eta bertako lankide batek garraiatzen du. Ordurako herritik bidaltzen den posta antolatu behar da berari emateko. Segidan, sailkatze lanetan aritzen naizen bitartean, jendaurreko zerbitzua eskaintzen da herritarren beharretarako. Ondoren banaketa lanak egiten dira. Ez dira egunero berdinak izaten. Herrikoa egunero banatu behar dugu eta ondoren Aranokoa eta baserrietakoa, tartekatuz. Zer motatako posta iristen den ere badu bere aldea eguneroko plangintza egiterakoan. Azkenik, entregatu den posta ziurtatuaren osatze lanak eta erregistroak egiten dira lanak bukatutzat emateko.
«Faltan botatzen dira letra ederrarekin idatzitako gutunak»
Zer da eraman duzun gauzarik bereziena edo deigarriena?
Hainbat paketetatik, bat tokatu zitzaidan oso luzea eta okerdura eta forma oso irregularrekin, eta entregatzerakoan, hartzaileak hor esaten dit: «Hara! ailegatu da nere kotxen tubo-eskapea».
Eta haundiena?
Ni barrenean sartzeko hainbesteko kartoizko kaxa bat. Ez zen oso karga handikoa baina kotxearen atzeko atea zabaldu eta trapu gorria zintzilikatuta eraman behar izan nuen.
Aldaketa asko somatu al dituzu postari bezala lanean hasi zinenetik?
Ilunetik argira bezalaxe. Posta, lineako autobusez Hernanitik gaueko 20:30etan iristetik Leitzatik goizeko 8:30etan iristeraino. Edo egunkaria etxera gauerako ailegatzetik, eta askotan hurrengo egunean, oraingo tresna modernoen bitartez edozein albiste munduaren beste puntaraino segunduan helarazteraino. Edo biderik ez zegoen garaian baserrietako posta herriko denda edo familiartekoen etxeetan uztetik, atez-ateko zerbitzua eskaintzeraino.
«Txoko guztiak ezezik biztanle guztien izen abizenak ikasten dituzu»
Gaur egun interneten bidez erosten diren gauza asko eramango dira, ezta?
Bai. Denok dakigu ohiturak aldatzen dijoaztela eta horretara egokitu beharrean gaude. Gaur egun posta elektronikoak ordezkatzen du lehengo paperezko posta eta horretaz baliatzen dira enpresa haundiak beraien komunikazioetarako: telefono fakturak, argi eta gas fakturak, bankuetako abisoak... Horrek posta kopurua asko jaitsi du baina alderantzizkoa ere gertatzen da: jendeak duen ohitura internet bidez etxetik erosketak egitekoa, izugarri handitu da eta horrek suposatzen du orain paketeria dugula areagotzen ari zaiguna.
Jendeak bidaltzen al ditu oraindik gutun pertsonalak posta bidez?
Oso gutxi, batere ez esateagatik. Lehen telefonoa ere oso etxe gutxitan zegoen eta komunikazio guztia posta bidez izaten zen: familiartekoak, lagunartekoak, amodiozkoak, negozio gutunak... Gaur egungo gazte askok ez dakite kartazal baten formatoa ere nolakoa den: helbidea non idatzi behar den, seilua zer den, bidaltzailea zein den... Faltan botatzen dira letra ederrarekin idatzitako gutun haiek!
Goizuetan ia urtero, urtero ez esateagatik, egiten du elurra. Nola moldatzen zara egun horietan baserrietara iristeko? Eta izotzarekin?
Elurra eta izotz kontuekin, aipatu behar da Udalak eta bere langileek egiten duten lana. Azken urte hauetan lortu da herrian bertan elurra kentzeko eta gatza zabaltzeko tresneri bikaina edukitzea eta elurra egiten duenean saiatzen dira baserrietako bideak ahalik eta lehen erabilgarri edukitzen. Horrek eragiten du baserritarren mugikortasuna eta baita gure lana ere erosoagoa izatera, nahiz denok dakigun momentu askotan ez dela hain erraza.
Goizuetako bazter eta txoko guztiak ezagutuko dituzu, ezta?
Txoko guztiak ezezik biztanle guztien izen abizenak ere ikasten dituzu, egunero beraiekin bueltaka zabiltza eta. Horri esker dakit herritar bakoitza zein etxetan bizi den, ze bestela... Herritar asko ez da gehiegi kezkatzen beraien helbidea zein den jakiten eta behar bezala erabiltzen, edo etxeak identifikatzen, bai zenbaki bai izenaren bidez eta horrek buruhauste franko eragiten dizkio kanpotik datorren banatzaile eta beste edonori.
Egunero zenbat kilometro egiten dituzu? Eta ze garraiobide erabiltzen dituzu? Oinez asko ibiltzen zara?
Baserrietara edo Aranora joateko kotxea erabiltzen dut eta herriko kaleetan barrena oinez ibiltzen naiz. Oinezko kilometroak ez dira asko baina tartekatzen dira eskailerak gora eta behera ibiltzearekin, eta egunean zehar gimnasi polita egiten da. Kotxean egiten diren kilometroak, 40 bat izango dira baserrietan barrena egiten ditudanak eta 50, gutxi gorabehera, Arano eta Benta-Berrira joaten naizenean. Eta denak geldialdi eta kotxetik sartu-atera askorekin.
Baserri edo etxeetako txakurrek buruhauste asko sortzen al dizkizute?
Txakurrak omen dira gizakiaren lagunik onenak. Ba, gu, postariok, beste espezie batekoak izan behar dugu, urrutitikan ere somatzen gaituzte eta. Norberarentzat bere txakurra da inoiz ezer egiten ez duena baina horren kontura makina bat momentu txar, eta igurtzi bat baino gehiago eramandakoa naiz.
Lan karga haunditzen da urteko garai batean? Eta astean zehar zein da lan karga haundiena duen asteko eguna?
Eguberrietako garaia izaten da orokorrean posta kopurua haunditzen dena eta uda garaia, abuztua batez ere, gutxitzen dena. Baina orduan gu ere oporretan egoten gara eta, krisia dela eta ez dela, batzuk besteren lanak egin behar izaten ditugu eta Leitzaraino ere joan behar izaten dugu posta bila.
Isun asko jartzen al dizkiete goizuetarrei?
Ez dut beste herrietako daturik konparazioak egiteko baina nik uste ez direla hainbeste. Egia da fama txarra daukagula postariok, denuntziak eta erakunde ofizialetako abisu kezkagarriak besterik entregatzen ez dizkiogulako jendeari.
Nongo postala da banatu duzun exotikoena?
Salou edo Benidormera joaten diren herritarrak ia ez dute postalik idazten: argazkia, watxapa eta listo. Baina oporrak edo lana aitzakitzat hartuta, munduan zehar bidaiatzea tokatzen zaien herritarrak ere badira eta postaltxoak bidaltzen dituztenak, adibidez Maurizio eta Seychelles irletatik, Hego-Ameriketatik, Vietnam edo Taiwandik, Australiatik...
Postariak beti deitzen al du bi aldiz?
Film batek horrela dio eta nere ohiturak ere bai. Edozein etxetara joaterakoan bi alditan txirrina jo, toke bat motxa eta segidan beste bat luzexeagoa. Postaria delakoaren kontraseña. Hala ere denak galdetzen dute: «zein da?». Karteroa.