Biharko Bakailu Festarekin borobilduko da Hernaniko VI. Bakailu Astea. Ostiralean bukatu zen tabernetako bakailu pintxo lehiaketa, eta bihar emango da jakitera irabazlearen izena.
Baina tartean, beste lehiaketa bat ere egingo da; bakailua pil-pil eran prestatzekoa, hain zuzen ere.
Bisita gidatua eta festa
Egunari hasiera emateko, bisita gidatua egingo da Hernaniko hirigune historikoan zehar, 11:00etan Biteritik aterata.
Ordu horretantxe bertan hasiko dira bestalde, bakailua pil-pil eran prestatzeko lehiaketako partehartzaileak lanean, Atsegindegin. Pintxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izango da haiek lanean aritu bitartean, eta eguerdiko 14:30ak aldera egingo da sari banaketa.
Iaz, Tripontzikoa izan zen herritarren pintxorik gustokoena, eta Julian Otero eta Joseba Nuñez, berriz, pil-pilari puntua harrapatu ziotenak. Nork eramango ote du aurten, saria?
Tripontzi taberna Igor muñoa eta Amaia aizpurua
«Norbere irizpideen arabera kozinatzen da lehiaketa herrikoietan; hor gakoa»
Pasa den urteko pintxo lehiaketan lehen postua lortu zuen Tripontzi tabernak. Aurtengo edizioan ez dute parte hartzerik izan, eta horrenbestez, pintxo on asko bederen dastatu dituztela onartu dute Igor Muñoak eta Amaia Aizpuruak.
Lekukoa pasatzea tokatzen zaie aurten Tripontzi tabernako Igor Muñoa eta Amaia Aizpuruari. Izan ere, beraiek izan ziren pasa den urteko tabernen arteko bakailu pintxo lehiaketako irabazleak. Eta aurtengo edizioan parte hartzerik izan ez dutenez, azken 2 aste hauetan tabernaz taberna ibili dira, pintxoak dastatu eta dastatu, irabazlea nor izan zitekeen imajinatuz.
Nork irabaziko du aurten?
«Galdera konprometitua eta era berean zaila da hori», aitortu du Igorrek. «Hainbat pintxo dastatu ditugu, eta orokorrean asko gustatu zaizkigu; horietatik batzuk, gainera, harrituta utzi gaituzte».
Ez omen dago aparteko gakorik irabazteko; horretarako giltza zorian dagoela azaldu digute Tripontzitarrek. «Beste kasuetan ez bezala, lehiaketa herrikoietan norbere irizpideen arabera kozinatzen da, besterik gabe pintxo onak egiten saiatuz». Bestalde, osagai onak erabiltzeak ere garrantzi handia daukala kontatu digute: «gure osagai nagusia kokotxak izan ziren, hau da, bakailuak daukan atalik onena, eta horrek ere lagundu zigun lehen postu hori lortzen».
Urtero aurkeztu da Tripontzi; aurten ezin
Bakailao Asteak VI. edizioa du aurtengoa, pintxo lehiaketak, aldiz, V.a. Eta Muñoa eta Aizpurua urtero aurkeztu izan dira. Aurten, baina, ez dute parte hartzerik izan, tabernan egiten ari diren berrikuntzak medio. Herrian jende gutxien ibiltzen den sasoia aukeratu zuten horretarako; udako hilabeteak, hain zuzen ere. Eta obra askorekin gertatzen den bezalaxe, Tripontzikoak ere atzeratu egin dira, aurtengo pintxo lehiaketan parte hartzeko aukera galduz. Hala izango ez balitz, berriz ere «pintxo ona» egiten saiatuko zirela esan du Igorrek, eta izena aukeratzerako orduan beste behin «originalak» izango zirela. Pasa den urtean, esate baterako, Kokotrip izena jarri zioten beraien pintxoari; kokotxak eta Tripontzi hitzak batuta sortu zuten izen hori.
Datorren urteko pintxoan pentsatzen, dagoeneko
Pintxo lehiaketara aurkezteak aurretiko lan haundia eskatzen omen du: pintxoak kozinatzeaz gain, zer kozinatuko duzun pentsatu behar baita. Eta oraindik urte osoa geratzen den arren, datorren urteko pintxoan pentsatzen ari dira dagoeneko Igor eta Amaia. «Parte-hartzeak berak sentiaraztea egiten dizun poza ikaragarria da, eta zer esanik ez herrian sortzen den giroa». Bi astetan zehar herrian sortzen den mugimendua asko gustatzen zaio Igorri, eta horrek bultzatzen du urtero, ahal denean behintzat, lehiaketan parte hartzera.
Dudarik gabe, sukaldari konprometitua da Igor. Tabernatik kanpo ere, sukalde barruan egoten dela aitortu baitigu: «bokaziozko ogibidea da sukaldariarena, eta elkartean elkartzen garenean ere zuzenean sartzen naiz sukaldean. Eta ez hori egitera behartzen nautelako, nik neuk nahi izaten dudalako, baizik». Horrelakoetan, pintxoak tabernarako eta pintxo lehiaketarako uzten ditu Igorrek, eta bestelako platerak egitera animatzen da: arrain freskoa, gehienetan. Asmatzeko gutxi dagoela dio, eta hortaz, betiko 2-3 errezeta tradizionalak erabiltzen dituela: bakailaoa pil-pil, bizkaitar eta ajoarriero eran.
Pil-pil lehiaketa Julian otero eta Joseba nuñez
«Produktuak antzekoak dira; bakailuaren testuran eta pil-pilean dago giltza»
Julian Oterok eta Joseba Nuñezek irabazi zuten iazko pil-pil erako txapelketa; biak Basque Culinary Centerreko aurreneko promozioko ikasleak. Aurten ere saiatuko da Nuñez, eta gordean ibili gabe, argitara eman du zein duen sekretua: «detailea».
Aita du sukaldean zalea, Joseba Nuñez donostiarrak. «Aitarekin hasi nintzen. Martutenen, Hondarribian, Hernanin... egiten diren lehiaketetan hartzen dugu parte». Julian Otero, berriz, galiziarra da, eta zazpi urte daramazki hemen. «Josebak animatu ninduen, iaz».
Hernaniko Bakailua Pil-Pilean lehiaketa irabazi zuten. Ez da harritzekoa, Basque Culinary Centerreko aurreneko promozioko ikasleak izanik. Sukaldariak dira, gainera. Otero «sukaldetik gertu» aritzen omen da lanean; Nuñez, «Donostiako Antonio jatetxean«. Hala ere, mundu guztia animatzen dute parte hartzera; «geroz eta gehiago, hobe». Horregatik, ez dute beldurrik, sekretua zein den konfesatzeko. «Produktuak antzekoak dira, eta beraz, zaporea ere bai; bakailuaren testuran eta pil-pilean dago giltza». Zein ote, ordea, asmatzeko modua? «Trikimailuren bat asmatu dugu...», diote hasieran, ahopeka...
Bakailua egiteko, azala sutara ala gora begira?
Benetako sekretua aitortu dute, azkenean. «Askok uste du bakailuaren azala gora begira jarri behar dela, bestela pegatuta geratzen delako. Baina ez. Aurrena, baratxuri zurituak oliotan gorritu behar dira, baina oso su bajuan, denbora gutxian. Gero, olio hori bera erabili; baina buztinezko kazuela hotzean jarri behar da. Hortxe jarri bakailua, azala sutara begira duela, eta ez da pegatuta geratuko, aurreneko bost minutuetan ateratzen baitzaio gelatina».
Gehiago badago, hala ere. «Baratxuriak lehortuta egon behar du. Iazkoa bada, hobe. Eta olioa, leuna, 0,4ko azideza duena. Oliba olio ona erabiliz gero...». Den-dena ere ezingo dute kontatu, ordea!
«Garrantzitsuena, goxoa ateratzea»
Azken hiru urtetan BCCko ikasle edo ikasle ohiek irabazi dutela diote Nuñez eta Oterok. Aurten ere berriro hartuko du parte Nuñezek. Baina «garrantzitsuena, goxoa ateratzea» dela dio.
Oterok lan egin beharko du bihar, eta ezin parte hartu. Gabonetan, Galizian ohikoa den bakailua asa de cantaro barazkiarekin prestatuko duela dio. Hala ere, argi dauka horrelako lehiaketen alde egin behar dela. «Bakailua pil-pil eran da Euskal Herriko plater garrantzitsuenetako bat; marinel tradizio hau mantentzen duen bakarra. Zaindu eta sustatu egin behar da. Horrelako lehiaketek herrien kultura mantentzen laguntzen dute, ohiturak ezagutarazten. Sukaldariontzat garrantzitsuak dira horrelako ekimen herritarrak». Animatzeko deia egiten du Nuñezek ere; «lehiaketa bukatuta, probatzeko aukera izaten da!». Ados dago Otero: «Bakailuaren Asteari bukaera borobila emateko modua da, pil-pil lehiaketa».