Kixkal tabernak biziko du bihartik, herriko xake jokalari onenen lehia

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 14a, 02:00

Bi zita nagusi izaten ditu xa­ke jokoak Hernanin, urtero urtero; eta aurten ere ez du hutsik egingo. Ekainean, San Joan jaien bueltan antolatu bazuten haur eta helduentzako ohiko txapelketa, urriarekin batera iritsi da Hernaniko Xake Txa­pelketa ere. Datozen bi hilabeteetan jokatuko da, Hernaniko Xake Elkarteak antolatuta.
Bihar bertan hasiko da, errege, erregina, zaldi, alfil eta dorreen dantza, herriko xake jokalari onenen arteko lehiarekin. Baina oraingoan, jokoa berbera izango den arren, esze­natokia izango da aldatuko dena.

Zumitza itxita dagoenez, Kixkal tabernan jokatuko da txapelketa, aurten
Izan ere, urtero jokalarien bilgune izaten den Zumitza ta­berna, itxita dago orain; eta beraz, beste batera mugituko dira. Kixkal taberna izango da, hain justu, lehia hori bizituko duena, aurten.
Hortaz, igandero igandero bilduko ditu xake jokalariak, aurtengo txapelaren bila.

Igandero jokatuko dituzte partidak, datozen zazpi asteburuetan, txapelketa azaroaren 26an bukatzeko.

Zazpi jardunaldi, azaroaren 26ra arte
Guztira, zazpi jardunaldi izango ditu txapelketak. Bihar bertan jokatuko da aurrenekoa, eta azaroaren 26ra arte luzatuko da lehia. Igandero jokatuko dira partidak: urriaren 15, 22 eta 29an, eta azaroaren 5, 12, 19 eta 26an. Arratsaldeko 16:00etan hasiko dira.

Partida astean zehar izatea, jokalarien aukeran
Hala ere, posible da igandeko partida hori, astean zehar jo­katzea ere. Horre­ta­rako, elka­rren kontra aritu behar duten bi jokalariek, egun eta ordu bat adostu beharko dute, eta partidaren emaitza jakinarazi beharko diete antolatzaileei, partida bukatutakoan; iganderako, beranduenez. Emailez bidali beharko dute emaitza, txapelketaren helbide elektronikora mezua idatzita: xakekiskal@gmail.com.

Fernando Esnaola izan da txapela jantzi duen azkeneko hernaniarra, duela bi urte, eta iaz hirugarren izan zen Magi Ijurko. Lortuko al dute aurten, txapela Hernanin gelditzea?

Joko sistema suitzarra, aurten ere: puntu berdinak dauzkatenak, aurrez aurre
Eszenatokia bai, baina aldatuko ez dena jokatzeko modua izango da. Joko sistema suitzarra erabiliko dute aurten ere; alegia, maila berekoak elkarren kontra ariko dira: sailkapenean puntu berdinak dauzkatenak, aurrez aurre. Horrela zehaztuko da, beraz, astero zein izango diren partidak.
Printzipioz, jokalari bakoi­tzak zazpi partida dauzka joka­tzeko, txapelketan. Baina bi atseden hartzeko aukera izango dute denek. Horrela, jardunaldi horretan puntu erdia jasoko dute, jokatu gabe. Hori bai, atseden eskaera, aurreko astean egin beharko da, igandea baino lehen. Gainera, azkeneko bi jardunaldietan, azaroaren 19an eta 26an, ezin izango da atsedenik eskatu.

Hernaniko jokalariak bakarrik ez, ingurukoak ere jokatzeko prest...
Txapelketan parte hartu nahi zutenek, atzo arte izan zuten aukera, izena emateko. Eta aurten ere, aurrekoetan bezala, Hernaniko jokalariak bakarrik ez, inguruko herrietakoak ere etorriko dira herriko xake txapelketara.
Bertakoei gauzak zail jar­tzeko asmoz etorriko dira, txapela Hernanitik kanpora eramateko asmoz, alegia.

...baina Hernanin geldituko al da txapela aurten?
Eta gehienetan lortu dute txapela eramatea, gainera. Ando­ain­darra izan zen aurreneko edizioaren irabazlea, Eneko Mar­tiarena, eta gehiagotan ere irabazi du txapelketa. Baina 2013an zazpi partidatik zazpi irabazi zituenetik, ez du berriro lortu txapela preziatua.
Azkeneko partidan kendu zion hurrengo urtekoa Felix Mansok, elkarren kontrako lehia estuan. Hirugarren izan zen urte hartan Fernando Esnaola hernaniarra, azkenekoz txapela herrian gelditzea lortu zuena. 2015ean izan zen hori. Joan den urtean, berriz, Erik Juez zarauztarra nagusitu zen, Felix Mansoren aurretik, eta hirugarren sailkatu zen Magi Ijurko, hernaniar onena.
Lortuko al dute aurten, txapela Hernanin geratzea?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!