Infantil neskek bihar hasiko dute bere ­bigarren denboraldia Hondarribiaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 14a, 02:00

Urtebete pasa da Mundarro elkarteak lehen nesken futbol taldea atera zuenetik lehen aldiz eta aurten beraien denboraldia jokatuko dute infantil mailan. Hondarribia izango dute lehen aurkaria, Hondar­tzan, eguerdiko 11:00etan hasita. Lehen partidu ofizialerako ilusioz beterik daude taldea osatzen duten 17 neskak, entrenatzaile den Miguel Gonzalez­ek aitortzen duen bezala.
«Bigarren urtea da taldea ateratzen dugula eta oso gustora gaude. Pasa den urtean 14 neska zeuden. Añorgara joan da bat eta beste lau hasi dira, beraz 17 neska daude taldean». Gogoratu behar da infantil mailan futbol zazpira jokatzen dutela.
Aurredenboraldi ona jokatu dute Astigarragako neskak. «Irailean hasi ginen entrena­tzen eta gure inguruko taldeen aurka jokatu du taldeak. Añor­ga talde indartsua da eta galdu egin genuen, baina emaitza onak lortu dituzte Intxaurdi edo Oiartzunen aur­ka». Bera­i­en taldea Tou­ring, Hon­da­rri­bia, Allerru, In­txaurdi, Añorga, Oiartzun eta Mundarrok osa­tzen dute.  

Emaitzak ez dira garrantzitsuena ­eta taldekide guztiek 30na minutu jokatzen dituzte

«Koadrila bat osatzen dute eta nesken kirola bultzatzen ari dira»
Hala ere emaitzak ez dira garrantzitsuena maila hauetan eta hori argi du Miguel Gonzalez entrenatzaileak. An­der Mateosekin batera aritzen da lan horretan eta «nesken kirola bultzatzea eta kirolarekin disfrutatzea» dela helburua dio. Emaitzaren presiorik gabe «oso gustora daude neskak eta erraza da honelako talde bat entrenatzea. Denak lagunak dira eta bere koadrila osatu dute. Ia denak astigartarrak dira eta Mundaizetik hiru etorri dira. Oiartzuar bat ere badabil. Kanpokoak ere koadrilan sartu dira eta poza ematen du denak batera kalean ikustea. Zinera elkarrekin joaten dira, Mundarron talde bat osatu dute eta hori etorkizunean mantendu eta indartzea gustatuko litzaieke klubeko arduradunei.

«Gustora ikusten dituzu eta hori pozgarria da»
Denboraldi amaieran Donosti Cup-en jokatu zuten eta Añorgako txapelketan kopa bat ere irabazi zuten. «Donosti Cupen hamaikak jokatzen dute eta nahiz eta gogorragoa egin ederki amaitu zuten denboraldia». Futbol eskolatik igo eta infantil taldea osatzea lortu zen. Miguel Gonzalezek lau urte zeramatzan entrenatzaile lanetan eta taldearen buru bezala jarri zen, entrenatzaile lanetan pasa den urtean. «Gustatzen zait neskak entrenatzea eta taldearen kudeaketa eramatea. Nire ogibidea gida turistikoa izatea da eta gustora nabil. Gustora ikusten dituzu, pozik, disfrutatzen eta hori niretzako oso pozgarria da».

Zinera elkarrekin doaz eta kanpotik etorri direnak ere koadrilan sartu dira

«Maila hobetzen ari dira»
Hala ere horrek ez du esan nahi gauzak ez direla serio eta ongi egiten. Astean zehar bi egunetan entrenatzen dute, asteazken eta ostiraletan eta urtetik urtera hobekuntza nabaria izan dute.
«Futbol eskolatik datoz, eta hor mutilekin batera aritzen dira, infantiletan osatzen da lehen aldiz neskez osaturiko taldea. Aurreko urtean maila ona eman genuen lehen urtea izateko. Oiartzun da talderik indartsuenetakoa, 4-0 galdu genuen, baina hala ere oiar­tzuarrek zoriondu egin ziguten eginiko partiduarengatik. Oso ongi prestatu genuen».
Aurten beste pausu bat ematea espero dute eta urte bateko esperientziarekin talde sendoagoa osatu dute. Hala ere Miguel eta Anderrek minutuak banatzen dituzte. «Hogei minutuko hiru zati jokatzen dira. Lehenengo bietan bi talde zeharo desberdinak atera behar dira eta hirugarrena libre da. Gure taldean 30 minutu jokatzen ditu jokalari bakoitzak eta ez da erraza izaten minutuak banatzen. Gainera iaz bakarrik nengoen eta ikusteko ez dela erraza izaten minutuak banatzea jokalariek beraiek banatu zituzten partidu batean». Horrela konturatu ziren Miguelek egiten zuen lana ez zela hain erraza.

«Jarraipena edukitzea da helburu nagusia»
Taldearen ikuspuntutik helburua da nesken taldeak jarrai­pena izatea. Eta hori bi zentzutan lortu nahi da. «Helburua da neska hauekin batera hazten joatea. Mailaz igotzen ari diren einean talde nagusi bat lortzea. Dauzkagun jokalari onenak beste talde haundiagoek begiradapean egongo dira, baina taldea mantentzea nahi dugu. Bestetik behetik erreleboa edukitzea lortu behar da. Askotan lagun taldeak bultza­tzen du hori.  Futbol eskolan badira neskak baina 2004-2005 urteko nesken multzoa bezala ez. Urte horietan lagun talde osoa etorri zitzaigun».

«Oso ongi barneratzen dituzte aginduak»
Miguel Gonzalezek dio nesken entrenatzaile izateak gauza asko erakusten dituela. Horie­tako bat da mugimenduak barneratzeko daukaten erraztasuna. «Agindu bat eman eta berehala barneratzen dute eta jar­tzen dute praktikan. Erraz­tasun haundiak dituzte horretarako. Adin horretan mutilak baino errazago jarraitzen dituzte aginduak, zorrotzak, exijenteak eta disziplinatuak dira. Gustora aritzen dira».

Realeko eta Oiartzungo ­neskak erakusten
Pasa den urtean gainera Realeko eta Oiartzun taldeko neskak Astigarragara hurbildu ziren eta «o­so pozik jarri ziren gure neskak aukera hori zutelako». Aurten ere esperientzia errepikatzeko asmotan daude talde kideak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!