«Lehen hilabeteetan papera erosteko ­ere dirurik ez zegoen eta gogorra zen»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 14a, 02:00

Duela 40 urte, 1977an, irten zen Egin egunkariaren lehen alea Hernanin zuen egoitzatik. Eziago poligonoan zuen egoitza nagusia eta 21 urtetan, itxi zuten arte, Euskal Herriko egunkaririk azpimarragarrienetakoa izan zen. Iñaki Zapiain hernaniarra lehen egunetik aritu zen lanean Egin-en. Hernaniko egoitza nagusian zituzten bulegoa, errotatiba, erredakzioa... «San Miguel egunez irten zen lehen alea» gogoratzen du Zapiainek. «Dele­gazioak ere bazeuden Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Iparral­dean ere berehala ipini zen». 
Hernanirentzako garran­tzitsua izan zen erreferentziazko egunkari batek bertan irekitzea ateak. «Izugarria izan zen. Nik 26 urte nituen eta elkarrizketa bat pasa ondoren hartu ninduten administrazioan la­ne­rako. Niretzat eta Hernani­rentzat ere oso garrantzitsua eta pozgarria izan zen. Her­naniar gehiago baziren bertan lanean. Kazetari bezala Tito Irazusta esaterako eta ilustra­tzaile lanetan Jon Zabaleta».
Guztira 120 langile ingururekin ireki zen egunkaria. 80-90 Hernaniko egoitzan eta besteak delegazioetan banatuta.

Diru aldetik lehen hilabeteak oso gogorrak izan ziren
Ilusio askorekin hasi ziren lanean Mariano Ferrer kazetariaren gidaritzapean, baina Iñaki Zapiainek gogoratzen ditu hasierak ez zirela batere errazak izan. «Lehendabiziko hiru-lau hilabeteetan arazo finan­tziero asko eduki genituen. Di­ru gutxi zegoen, hornitzaileekin arazoak genituen, atzerapenak eskatu beharrean ginen. Hasieran administrazioan hiru langile besterik ez geunden. Lehenengo egunean giro ikaragarria zegoen. Zuzendaria Ma­ria­no Ferrer zen, izugarrizko pro­fesionala eta oraindik ere pertsona hobea. Babes osoa eman zigun administraziokoei. Papera erosteko ere dirurik ez zegoen».
Harrera ona izan zuen Euskal Herrian. «Lehen egunetan boom-a izan zuen eta 80-100 mila ale saldu ziren lehen hilabeteetan. Gero egonkortzen joan zen 50 mila aletan gutxi gora behera».
Jaio aurretik partaidetza kontua ireki zen eta herritarrek lagundu zuten ekonomikoki Egin. «Jende askok lagundu zuen hasieran eta gero aurrezki kutxa eta bankuekin negoziazioatan ibiltzen ginen kredituak emateko. Hemengo bankuak ongi portatu ziren baina kanpokoak ordea oso gogorrak izan ziren. 1978an Javier Iri­goien gerente berria sartu zen, Mondragon taldetik, eta aldaketa oso onak egin zituen. Gauzak ordenatu eta bideratu zituen. 10-12 urtetan egon zen gerente lanetan eta egoera hobetu zen».

260 langile izatera iritsi ziren

Erredakzioan ere aldaketak eman ziren. Kazetari kopurua haunditu zen. Edizioak sortu ziren «Aldeak izen itsusiarekin» gogoratzen du Zapiainek. «Nire iritziz ez zen ideia oso ona izan. Kostea izugarria zen eta 260 langile izatera ere iritsi ginen bi-hiru urte pasa eta gero. Soldatak eta gizarte segurantza ordaintzea ia ezinezkoa zen, salmentak eta diru sarrerek ez zuten ematen hori mantentzeko».
Horrek bi berregituratze gogor ekarri zituen. «Pentsa Egin bezalako egunkari batean murrizketak egin behar. Oso momentu latzak ziren horiek. Gero Estatu Batuetatik errotatiba itzela erosi genuen. Diru asko balio du horrek eta arazo haundiak zeuden diru aldetik».
Gero erredakzioan ere aldaketak etorri ziren. «Guztira sei-zazpi zuzendari izan zituen 21 urtetan eta denak ere oroitzapen onak utzi zituzten. Oso momentu onak pasatu genituen, giro onean, ilusioz betetako proiektu batean, baina mo­mentu oso gogorrak ere bizi­tzen genituen; Goardia Zibila etorri zenean, Ertzaintza ere bai, ixteko mehatsuak... eta azkenean 1998ko uztailaren 15ean behin betiko itxiera etorri zen. Egun hartan gertatu zena momentu gogorrena izan zen. Gartzelan ez nuen denbora asko pasa, baina zuzendaritza batzordekoek urte asko pasa zituzten». 
Egin izan zen sistemaren baitan ez zegoen lehendabizitako egunkaria. Ordurarteko pren­­tsa idatzia, dena, erregimenaren ingurukoa zen eta Deia eta Egin izan ziren Euskal Herrian lehenak ildo horretatik at zeudenak. 

«Orduan argitaratzen ziren gauza asko gaur egun ezingo lirateke argitaratu»
«Urte gogorrak ziren politikoki. Transizioa, atentatu eta hildako asko. Hala ere pentsatzen dut orduan argitaratzen ziren eta genituen gauza asko gaur egun ezingo liratekeela argitaratu. Gaur egun iritzi askatasun aldetik momentu oso txarra da». 

«Euskaldun petoek oso barruti txikia osatzen zuten Egin-en lehen urteetan»
Hasieran Egin-en jende gehiegi erdalduna zela dio Iñaki Zapianek. «Oso gutxi ziren euskaldun petoak: Xalbador Garmendia, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia... eta gainera oso esparru txikia zen, itxia. Akatsak zuzentzen zituzten, baina beste denak erdaldunak ziren. Urteak pasa eta gero joan zen euskaldun­tzen, jende berria eta unibertsitatean kazetaritza euskaraz egin zuena sartu zenean, Martin Garitano bezalako kazetariekin joan zen gehiago euskalduntzen». 

Madriletik ere kazetari asko etorri ziren lanera
Beste lurraldeetatik jende asko etorri zen Hernanira Egin-en lana egitera eta horietatik asko Hernanin bertan jarri ziren bizitzen. «Zuzendari izan zen Juan Manuel Martínez, ekonomia sailaren arduradun zen Tomás Muro,  kanpotik etorri ziren. Muro errioxarra zen.   Hernanin jarri zen bizitzen Koldo Urkiza ondarrutarra. Kazetari oso onak zeuden. Martínez eta Muro Bilbora joan ziren orduko Iberdueroko nagusiekin hitzegitera eta errepidean hil ziren biak istripuan». 
Nahiz eta ezker abertzaleari lotuta egon ideologikoki langileen artean denetarik zegoela azpimarratzen du Zapiainek. «Kontutan hartu behar da Espainiako leku desberdinetako jendea zegoela eta ideologia desberdina zuten. Ezkertiarrak, baina beste ikuspegi batekin. Oso kazetari onak zeuden eta oso jatorrak».

«Erakundeek ez zuten publizitaterik jartzen eta boikota jasaten genuen»
Diru aldetik arazoak baziren eta oraindik eta larriago bihurtzen ziren erakundeen aldetik boikota jasaten zutelako Iñaki Zapiainen esanetan. «Publizitate gabe ez da posible nominak ordaintzea. Ez zizkiguten ematen gainontzeko hedabideei emandako diru laguntzak, erakundeek ez zuten publizitaterik jartzen gurean, enpresa handienei iragarkirik ez jartzeko eskatu zieten eta jartzeari utzi zioten askok. Hori horrela izan zen 21 urtetan».
Hala ere aurrera ateratzen ziren irudimenarekin eta lanaren bitartez: «Bankuetako per­tsona konkretuekin harreman dezente nuen eta konpontzen nintzen nire funtzioa egiteko; hau da soldatak ordaintzeko. Ogasunarekin egunero borrokan aritzen nintzen. Manu Aranburu, azken kontseilari delegatuarekin oso harreman estua nuen. Hil zen Zarauzko peajean kotxe istripu batean. Ilusio haundiarekin etorri zen Egin-i buelta emateko eta ideia oso onak zituen. Pena izan zen itxiera, baino hasi ginen buelta ematen».

Egin Eguna, Altsasun
Diru arazoeri aurre egiteko. «Egin eguna ere sortu zen Altsasun». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!