Duela lau urte sortu zuen Retinosis Gipuzkoa Begisare elkarteak Ikusmen murriztua dut bereizgarria «elkar-ulertzea erraztu eta giza-interakzioa hobetzeko asmoz», eta orain, Hernanira zabaldu nahi dute kanpaina, Udalaren babes osoarekin. Hala aurkeztu zuten atzo Luix Intxauspe alkateak, eta Amaia Guereñu eta Itziar Gonzalez Begisareko ordezkariek.
‘Ikusmen murriztua dut- Hemen kontuan dugu’ kartelak jarriko dira udal eraikinetan.
Hitzaldia, bihar
Hori horrela, prentsaurrekoan adierazi dute aprobetxatu dutela urriaren 12an Ikusmenaren Nazioarteko Eguna dela, erakunde eta enpresak ikusmen murriztuaren inguruan sentsibilizatzeko. Hala atxikitu da, hain zuzen, Hernaniko Udala, «herri integratzaileago bat sortzeko bidean» aurrerapausu bat gehiago emanez.
Atxikimendu hori ikusarazteko, Intxauspe alkateak iragarri zuen Ikusmen murriztua dut - Hemen kontuan dugu leloa duten pegatinak eta kartelak jarriko direla udal eraikinetan.
Gainera, herritarrei ekimena ezagutarazteko, hitzaldia eskainiko dute bihar, arratsaldeko 19:00etan, Biteri kultur etxean. Herritar orori irekia egongo da.