Xabier Lertxundi Asteasuinzarra
Zinegotzia eta Hernaniko Udaleko Zerbitzu Sozialetako predidentea
Azken egunotan Goiz Eguzkiko tabernaren inguruan azaldu den informazioaren harira hainbat gauza argitu nahi dut.
Goiz Eguzki Jubilatu Etxeko taberna, Udalaren zerbitzu publikoa izanik, berau gestionatuko duen pertsona edo enpresa aukeratzeko lehiaketa publikoa egiten da. Azkena orain hamar urte egin zen eta legeak behartzen gaitu 2017an berriro lehiaketa hori egitera. Deialdi horretan, baldintzak betetzen dituen edozein pertsona edo enpresa aurkez zitekeen.
Momentu honetan lehiaketa horretara aurkeztutako proposamenak baloratzen ari dira udal teknikariak. Bitarte horretan, gure asmoa taberna irekita mantentzea bazen ere, orain arte taberna gestionatu dutenek erabaki zuten uztailaren 31n uztea. Orain taberna itxita egon arren, bazkideen esku daude kafea eta beste edariak hartzeko aukera ematen dieten makinak, inork etxetik ezer eraman behar izan ez dezan.
Goiz Eguzkiko tabernaren kontratuaren ardura osoa Udaleko Zerbitzu Sozialek daukagu eta ez Jubilatuen Elkarteko zuzendaritzak. Hala ere, prozesu osoan presidenteak bere laguntza eskaini digu eta hori eskertu nahi diot.
Hernaniko Udalaren lehentasuna bada pertsona jubilatuen ongizatea. Horrek kezkatzen gaitu eta ez dauzkagu inolaz ere ahaztuak. Ulertzen dugu egoera honek zailtasunak sortzen dituela. Prozesua ahal den azkarren gauzatu nahi dugu, eta gure ardura eta nahia Goiz Eguzki ahal den egoera onenean edukitzea da eta horretan ari gara hilabete luzez lanean. Zuek hori merezi duzue eta.