16garren edizioa izango du gaurkoa, Hernaniko Argazki Digitalen Rallyak. Eta aurten, nobedade bat gehitu dio lehiaketari, Hernaniko Argazki Forumak: mugikorrarekin ere hartu daiteke parte.
Horrela, hiru kategoriatan banatuko dituzte partehartzaileak: haurrak (12 urtera arte), helduak (13 urtetik gora), eta mugikorrarekin ariko direnak. Guztiek izango dituzte, hori bai, baldintza berdinak.
09:00etatik 10:00etara eman beharko dute izena, udaletxeko arkupeetan, eta 14:00ak arte izango dute aukera, argazkiak ateratzeko. Horiek deskargatzeko, Ave Maria parkeko etxera jo beharko dute, eguerdiko 13:00etatik 14:00etara. Gehienez ere, 36 argazki jaitsi ahal izango dituzte, eta horietatik sei aukeratu beharko dituzte gero; asteazkenera bitarte izango dute epea, aukeratu dituzten argazkiak emailez bidaltzeko: hernani.rally@gmail.com.
Gai bakoitzeko, argazki bat
Sei argazki horiek, hain justu, jarritako gai bakoitzeko bana izango dira. Gaur zehaztuko dizkiete zein diren sei gaiak.
Argazki guztiak jasota, Argazki Forumeko hiru kidek aukeratuko dituzte irabazleak, eta urriaren 18tik 27ra, erakusketa jarriko dute Biterin, partehartzaile bakoitzaren argazki banarekin. Eta azkeneko egun horretan banatuko dituzte sari potoloak, 19:00etan Biterin.