Ekimen berria jarri du martxan Donostiako Bulebarrean dagoen Explore San Sebastian Region turismo bulegoak, eta hilaren 15era arte, Donostialdea eskualdeak izango du protagonismo osoa. Ekimena aurkezteko, turismo bulegoaren parean elkartu ziren herenegun Maite Cruzado, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Ainhoa Amundarain, Donostialdea eskualdeko turismo arduraduna; eta Jon Zulueta, Beterri-Buruntzako presidentea eta Andoaingo zinegotzia.
Donostialdeako txanda, hilaren 15era arte
Eskualdeko Txokoa ekimena jarri du martxan Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola departamentuak «Gipuzkoako eskualdeetako herriak eta turismo baliabideak ezagutzera emateko helburua izanik, bai hiriburuko turismo sektoreari, baita, oro har, Donostiako eta Gipuzkoako biztanleei, baita Explore San Sebastian Region turismo bulegora gerturatzen diren turistei ere», azaldu zuten prentsaurrekoan.
Aste honetan zehar, eta hilaren 15era arte, Donostialdearen txanda izango da, eta beraz, «Astigarraga, Hernani, Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalerrietako turismo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da».
Tartean, bi ekintza burutuko dira turismo bulegoaren parean, datorren asteburuan biak. Gaur zortzi, larunbatean, Galarretako frontoiak erremonte-modalitaterako saski eta pelotak egiteko artisau-tailerra burutuko du. Eta igandean, bihar zortzi, Sagardoetxeak hartuko dio lekukoa; sagardoaren usadiozko elaborazioa ezagutu, sagarrak kizki bitartez bildu, pisoiez jo eta sagarrak txikitu eta prentsatzeko tailerra eskainiko du.
Beste ekintzen berri, ere bai
Horrez gain, eskualdean datozen asteetan burutuko diren ekintzen berri ere eman zute: Sagastitik Kupelera ekimena, Bakailao Astea...