Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakin da albistea. Aurreko legegintzaldian proiektua nolabait geldiarazi ondoren, Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako sailak Astigarragako Garraio Hiriaren proiektua berriro ere martxan jarri du.
Astelehenean argitaratu zuten, hain zuzen, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko lana Ingartek Consulting SL enpresari esleitu zitzaiola irailaren 19an. Horrela bada, enpresa bizkaitarrak 40.000 euro - BEZik gabe - izango ditu AP8 autobidean, Donostiako bigarren zinturoian, Garraio Zentro Integrala edo Garraio Hiria sortzeko.
GUITRANSen eskaera historikoa
Dena den, ez zen gaiaren inguruan azken hilabeteotan izan den albiste bakarra izan, izan ere, GUITRANSek, Gipuzkoako Garraiolarien Elkarteak, duela hamar urte proiektua proposatu zuenak, onartu zuen irailean bere aldizkariaren bitartez, Aintzane Oiarbide diputatuak jakinarazi ziela proiektua aztertzen ari zirela. Beraientzat, albiste ona izan da: «garraiolarientzat ezinbesteko azpiegitura da, gidaritza eta atseden denboren inguruko Europar Batasuneko araudia betetzeko, eta Biriatouren inguruan Gipuzkoak daukan auto-ilaren arazoari aurre egiteko, baita ere».
Astigarragako EH Bildu, proiektuaren kontra
Azken egunetako albisteen aurrean, Udaleko ordezkariei balorazioa eskatuta, Astigarragako EH Bilduk bere iritzia eman du: «gure jarrera argia da, Garraio Hiriaren aurka gaude: herriari inolako onurarik ekarriko ez diolako, paisaian eta inguruan eragingo dituen kalteak izugarriak izango direlako, jasangarria ez delako, herritarrek erabaki ez dutelako... Gainera, Astigarragak dagoeneko nahiko makroazpiegitura jasaten dituela uste dugu». Horrez gain, diote: «uste dugu alternatiba askoz interesgarriagoak egon badaudela, batik bat, enplegua berdea sustatzeko: nekazaritza edo abeltzaintza ekologikoa, adibidez», azaldu dute.
Ildo horretatik, mozioa erregistratu zuten irailaren 5ean, eta Plenoan noiz eztabaidatuko den zain daude.