Hilabete batzuk pasa dira maiatzaren 18an Udalak Sagardo Plazaren proiektua herritarrei aurkeztu zionetik, eta orain, beste pausu bat eman dute. Sasoi Eraikuntzak SL enpresari esleitu dizkio lanak Kontratazio Mahaiak, eta erabaki hori berretsi berri du Tokiko Gobernu Batzarrak. Obra-lanen hasierarako, oraindik ez dago data zehatzik.
Esleipena, aho batez
Udalak berak prentsa-ohar bitartez jakinarazi duenez, «esleipena aho batez onartu zen joan den astean egindako Kontratazio Mahaian, kontratazio-esleipena aztertu ondoren, eta dagoeneko Tokiko Gobernu Batzarrak akordioa berretsi du».
Bertan zehazten den moduan, obra-lanak bi fasetan egingo dira: «alde batetik, plaza birmoldatuko da, eta bestalde, lekuz aldatuko den jolastoki berria hornituko da».
Hori guztia azaltzeko, auzoko bizilagunekin bilduko da Udala, «beraiek izan daitezen parke berrian zer motatako jokoak jarri behar diren erabakitzen dutenak».
Eusko Jaurlaritzaren, laguntza
Aurretik ere adierazi duten moduan, «nahiz eta Sagardo Plaza egoera onean egon, udal gobernuak biziberritzearen aldeko apustua egin nahi du, merkataritza gunea hobetzeaz gain». Gainera, iragarri dute Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dutela: «egingo den obra Eusko Jaurlaritzak komertzioa sustatzeko sortu duen Hirigune proiektuaren barne sartzen da, eta dirulaguntza jasoko du».
Proiektua borobiltzako, Udalak Astikorekin «komertzio lokala biziberritzeko plan berezi bat martxan» jarri duela diote.