Denboraldia hasia dute dagoeneko, Hernaniko Errugbi Elkarteko taldeek.
Ohorezko mailako taldeak etxean dauka zita bihar, 12:00etan, La Vilaren kontra. Euskal Ligako taldeak, berriz, El Fangon jokatuko du gaur, 12:00etan, Bilboren kontra. Bi taldeek denboraldiko aurreneko garaipena lortzea izango dute helburu.
Igo berri den aurkaria
Ezer argitu eta errazten ez badu ere, kontuan hartzekoa da hernaniarren biharko aurkaria maila honetara igo berria den La Vila taldea izango dela.
Ohorezko mailara egokitzeko prozesuan ari da, baina Hernanik ez bezala, dagoeneko lortu du denboraldiko aurreneko garaipena.
Gauzak horrela, aukera izan dezake Hernanik, etxean zaleek ematen duten babesa aprobetxatuta, partidu txukuna egin eta puntuak biltzeko. Hala ere, ez da lan erraza izango, eta ezinbestekoa izango dute borrokatzea.