Europako Kultura Hiriburutzaren baitan sortutako elkarlanetik, Etxepare Institutuak eta Poloniako Air Wro programak bultzatuta, erresidentzia artistikoa egiteko aukera izan du Nagore Legarreta argazkilari hernaniarrak, bi hilabetez, Poloniako Wroclaw hirian.
«Sekula ez dut horrelako erosotasunarekin lan egin»
Legarretarekin batean, Bilboko Carla Tobarrek ere jaso du beka, eta bakoitzak bere proiektua garatu du. Hernaniarrarentzat aurreneko erreseidentzia artistikoa izan da.
«Orain dela gutxi arte oso nere kabuz ibili naiz, ez bekekin edo erakundeekin. Aurreneko erresidentzia izan da hau, eta oso eroso aritu naiz marko horretan lanean. Aurkitu dudan lan taldea oso jende irekiak osatutakoa izan da, eta babes sendoa eskaini didate. Askatasun guztiarekin egin dut lan; mugarik gabe aritzera animatu naute. Hemen dena nik egin behar izaten dut. Han profesionalak izan ditut laguntzen materiala erosteko, erakusketa montatzeko... Sekula ez dut horrelako erosotasunarekin lan egin! Soldatarekin eta gainera, horrelako lan-taldearekin!».
«Askatasun guztiarekin egin dut lan; mugarik gabe aritzera animatu naute»
«Teknikoki apuro batzuk pasa arren, pozik geratu naiz»
Proiektua Wroclaw-eko Odra ibaiarekin lotuta egin du, lehendik Urumearen bueltan hasitako lan bati lotuta. «Deialdia egin zenean, Urumea ibaiaren bueltako proiektuarekin ari nintzen. Oraindik hura ez dut bukatu! Behin bururatu zitzaidan ez dela berdina lurra ikusi uretatik edo alderantziz. Zein harreman daukagu errekarekin? Tratatzen dugu gauza bat bezala, baina Urumea hori baino gehiago da. Izaki bizidun bezala tratatu nahi nuen, eta kamarak jarri nituen. Wroclawen ere hori bururatu zitzaidan. Pentsatu nuen Urumea neretzako den bezala, Odra ere inportantea izango zela haientzat».
Ez du zailtasunik falta izan, ordea. «Urumean txuri-beltzean aritu naiz, eta han kolorezko paper analogikoarekin, 100 lata jarrita... Ez da bakarrik argazki polit bat egitea, da istorio bat osatzea. Teknikoki apuro batzuk pasa ditut, baina pozik geratu naiz!». Tailer bat ere eman du, jendea txoko berezietatik argazkiak egitera animatzeko, eta bideoa osatu du. «Orain hordagoa botako dut; gustatuko litzaidake horrelako proiektua hemen garatzea, Urumeako errelatoak ere gordetzea!».