Biharko jarri du zita Hernaniko Argazki Forumak, Argazki Digitalen Rally lehiaketa egiteko. Goizeko 09:00etan hasiko dira partehartzaileak argazkiak egiten, eta 14:00etara izango da epea. Udaletxeko arkupeetan eman beharko da izena, 09:00etatik 10:00etara; eta Ave Mariako etxean entregatu beharko dira argazkiak gero, 13:00etatik 14:00etara bitarte.
Hiru kategoria izango dira aurten: haurrena (12 urte arte), helduena (13 urtetik gora), eta aurtengo nobedadea, mugikorrarekin aritutakoena. Haurren kategorian parte hartzea doan izango da, eta beste biak 5 euroan. Gero, sari potoloak izango dituzte irabazleek, eta hamaiketako ederra denek, bukaeran, Txantxangorrin.
Gaiak, lehiaketaren hasieran
Lehiaketako sei gaiak, hasieran jakinaraziko dituzte. Bukaeran, gehienez 36 argazki deskargatu ahal izango dituzte partehartzaileek, eta horietatik sei aukeratu, gai bakoitzeko bana; urriaren 11ra arte izango dute horretarako epea, email bidez: hernani.rally@gmail.com.
Gero, urriaren 18tik 27ra, erakusketa jarriko dute Biterin, rallyko argazkiekin; eta 27an bertan banatuko dituzte sariak, 19:00etan kultur etxean.