Autobusen aurreproiektua bertan behera uzteko eskaera, Aldundiari

Kronika - Erredakzioa 2017ko urr. 6a, 02:00

Gipuzkoako Foru Aldundia­ren egoitza nagusian izan ziren, asteazken eguerdian, Luis In­txauspe Hernaniko alkatea, Ana Carrere Andoaingoa eta  Xabier Arregi Usurbilgoa. Eta bertan erregistratu zuten eskaera, bertan behera uzteko Buruntzaldeako autobus zerbitzuaren inguruko aurrepro­iektua: «es­kualdeko autobus zerbitzuan murrizketa garran­tzitsuak ekarriko ditu Aldun­dia­ren aurreproiektuak, eta aurkeztu du inplikatuta gauden Udalei eta herritarrei jakinarazi gabe. Buruntzaldean 70.000 biztanle inguru gaude, eta ez du kontuan hartu ez Udalen, ez herritarren iritzia. Iturri ez ofizialetatik izan dugu horren berri», adierazi dute.

Carrerek bilera eskatu zuen Marisol Garmendia foru diputatuarekin eta asteartean bil­du ziren: «jakinarazi zidan, ez daukatela parte hartze prozesurik abiatzeko asmorik, eta aukera bakarra alegazio epea luzatzea zela, larunbat honetan bukatzen baita».

«Egokitzapen horiek ezin dira bulegoetan erabaki»
Hiru alkateek adierazi dute, hori ez dela konponbidea, bes­te modu batera landu behar zelako aurreproiektua: «milaka herritarrei eragingo dieten aldaketak ezin dira onartu beraien behar eta eskaerak kontutan hartu gabe. Guk ez dugu esan nahi ez dela egoki­tzapenik egin behar, baina horiek ezin dira bulegoetan erabaki, erabiltzaileekin adostu behar dira».

Carrerek adierazi zuen, zer­bitzu publiko baten kasuan, errentagarritasuna ezin dela izan irizpide nagusia; «kontutan hartu behar da murrizketek zein eragin duten kualitatiboki. Adibidez, emakumeak dira autobusa gehien erabil­tzen dutenak, eta murrizketek, beraiek kaltetuko lituz­­kete gehien», ohartarazi zuen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!