Kantu zita bikoitza bizituko du Milagrosako kaperak, gaur eta bihar. Hiru abesbatza pasako dira bertatik, bi kontzertu ezberdin eskaintzeko.
Pasaportes para Siriak antolatu du gaurkoa, Aita Garayoa eta ONCEko Alaia abesbatzekin, arratsaldeko 19:30etan. Kontzertu solidarioa izango da, jasotako dirua erabiliko baita Atenasen SOS Errefuxiatuakekoei erre zieten furgonetaren ordezko berri bat erosteko. 5 euro izango dira sarrera.
Iñaki Carcamok zuzenduta, polifonian eta folklorean oinarritutako emanaldia eskainiko dute, Maitasun Atsekabea, Soule, Maria La Portuguesa, La Adelita, Aldapeko edo Esta tierra bezalako kantekin.
Ametsa abesbatza bihar, Kantuzekin elkartrukean
Ordu berean izango da biharko kontzertua ere, 19:30etan. Kasu horretan, Kantuz abesbatza izango da antolatzailea, baina beste abesbatza batek jarriko dio ahotsa kaperari.
Irungo Ametsa abesbatza etorriko da, Kantuzekin elkartrukea eginda. Orain irundarrak izango dira bisitan, eta bueltatu egingo diete Kantuzekoek Irunen, datorren urteko otsailean.
60 urte bete ditu aurten, Ametsa abesbatzak, eta Europa eta Espainiako txapelketa askotan hartu izan du parte. Bihar, hamabi abesti erlijioso kantatuko dituzte, Fernando Etxepare Gomezek zuzenduta.