Igerileku berriaren irekieraren bueltan, bere iritzia azaldu nahi izan du Orain Hernanik ere, prentsa ohar baten bidez: «aurreko ostegunean inauguratu zen, azkenean, kiroldegiko igerilekua. Dakizuen bezala, ekainerako behar zuen bukatuta, baina egiten ari zirela sortutako arazoak tarteko, abuztuaren 23ra atzeratu zen inaugurazioa. Publikoki zabaldu ez zena da, egun horretan ere ez zutela zabalduko. Zinegotzioi ere ez ziguten jakinarazi atzeratuko zela», azaldu du udal taldeak; «irailaren 26ko plenoan jaso genuen albiste pozgarria, azkenean izango genuela igerilekua».
Baina kritikatu du, ez zituztela inauguraziora gonbidatu: «Gobernu Talde honek ohitu gaituen bezala, ez zuen oposizioa ezertarako kontuan hartu, ezta udaletxean ekitaldi instituzional bat egiteko ere, nahiz eta kiroldegiak herritar guztienak izan, kolore politiko batekoa edo bestekoa izan. Eta zergatik diogu hori? Ba ostegunean 12:00etan egin zen inaugurazio ofizialera, ez zutelako oposizioko talde bat ere gonbidatu», adierazi du.
«Laster, ez dugu jakingo udaletxera joan behar dugun Plenoetara ez bada»
Eta gaineratu du: «laster, ez dugu jakingo udaletxera joan behar dugun ere, Plenoetara azaltzeko ez bada, non alkateak errita egiten digun, kontra bozkatu edo abstenitu egiten garen bakoitzean». Modu berean, kexatu da ez dituztela beraien eskaerak publikoki erantzuten, baizik eta gero modu pribatuan hitz egitekotan gelditu, «herritar guztiei dagozkien kontuak izanda»; ez dietela Dekretuen berri ematen momentu egokian; edota ukatu egiten zaiela informazioa, legitimoki sarbidea izan beharko luketen arren.
Gainera, azaldu du oraindik zain daudela, jakiteko zein egoeratan dauden Orain Hernanik 2017ko udal aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak, Gobernu Taldeak onartu zituenak. «Eta zain gaude, baita ere, oposizioko taldeok merezi dugun errespetua jasotzeko behingoz, ordezkatzen ditugun herritar guztiengatik; eta ea betetzen diren alkatearen hitz itxaropentsu haiek, legegintzaldia hasteko, oposizioa animatu zuenean puntu komunak bilatu eta herriarengatik elkarrekin lan egiteko. Gogoratzen? Ba hauxe da dagoena».