Duela 28 urte berreskuratu, eta aurten ere egingo dute Mugarri Bisita. Igandean goizean izango da, bi txandatan: helduak 07:00etan abiatuko dira udaletxetik, Antxista eta Olazar arteko ibilbidea osatzeko; eta haurrak, Atsegindegitik aterako dira, 09:00etan, Epelerreka eta Oialume inguruetan ibiltzeko.
Bietan izena emateko, epea zabalik dago oraindik, Biteri kultur etxean. Helduen buelta egiteko, hala ere, sei lagunentzako tokia dago.
Mugarri Bisitaren aurreneko erreferentziak, XVI. mendekoak dira, jakinarazi dutenez. 1542ko Hernaniko ordenantza berrietan, jasotzen zen agintariek, hautatuak izan eta ondorengo sei egunetan, herriko mugak ikuskatu behar zituztela. Bisita horiek berreskuratzeko festa da, gaur egun, Hernaniko Udalak eta Mendiriz Mendik antolatzen dutena.