Abiatzera doa, beste ikasturte batez, Ttapa-Ttapa Denok Batean egitasmoa. Gaur bertan egingo dute aurreneko bueltaxka, eta horretarako, Atsegindegin jarri dute hitzordua, goizeko 10:30etan. Paseotxoa bukatutakoan, salda ere izango dute, ohi bezala.
Baina ohitura bihurtu den asteazkeneroko bueltaxka horretaz gain, ekintza bereziak ere izango dituzte aurten.
Hainbat nobedade, aurten
Astelehenean bildu zen egitasmoaren talde eragilea, Hernaniko kiroldegian; eta bertan zehaztu zuten ikasturtearen diseinua; eta tartean, hainbat nobedade ere finkatu zituzten.
Horrela, tailerrak antolatuko dituzte ikasturtean zehar, ibilaldi bereziak ere izango dira, sagardotegi batean otordua egingo dute, edota ipar martxa edota nordic walking praktikatuko dute, adibidez.
Adineko guztiak animatu dituzte parte hartzera, «kontutan izanda ariketa fisikoa egitearen onurak».