Gaur emango diote hasiera Aniztasun Asteari, astigartar berrien ongi-etorri ekitaldiarekin, urteko bigarrena, 18:30etan. Hain zuzen, harrera berezia egingo zaie udaletxeko pleno aretoan, azkeneko bost hilabetetan herrian erroldatu diren bizilagun berriei. Horrez gain, Harrera Gida ere aurkeztuko dute.
Dena den, ez da asteko ekintza bakarra izango; izan ere, larunbatera arte luzatuko da astea.
Solasaldia eta pintxopote musikatua, bihar
Bihar, arratsaldez jarraituko dute ekintzek. Aurrena, 17:30etan hasita, solasaldia izango da udaletxean garai ezberdinetan Astigarragara bizitzera etorri direnekin; helburua da esperientziak elkarbanatzea eta etorkizunean etorriko direnei kalitatezko harrera eskaintzeko gakoak bilatzea.
Eta ondoren, 19:00ak aldera, osteguneroko pintxopote eguna aprobetxatuz, musika izango da kalean, eguna girotzeko asmoz.
Etzi eta larunbatean, azken ekintzak
Etzirako gazteei zuzenduko zaien ekintza antolatu dute; zurrumurruen aurkako tailerra burutuko dute Gaztelekuan, 18:00etan. Eta bukatzeko, Janari anitza jardunaldia egingo dute Joseba Barandiaran plazan, 12:00etatik aurrera.
EGITARAUA
GAUR, asteazkena: Ongi etorri Astigarragara! Azken hilabeteotan herrian erroldatu diren bizilagun berriei zuzendutako saioa; arratsaldeko 18:30etan, udaletxeko pleno aretoan.
BIHAR, osteguna:
- 17:30, Astigartar berriekin solasaldia. Elkar ezagutu eta herriak azken urteotan izan dituen aldaketen inguruko iritziak emateko. Udaletxeko pleno aretoan
izango da.
- 19:00, Musika kalean herriko tabernetan zehar, ostegunetako pintxo-pote eguna girotzeko.
ETZI, ostirala: Zurrumurruen aurkako tailerra. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Gaztelekuan.
ETZIDAMU, larunbata: Janari anitza: Joseba Barandiaran plazan, 12:00etatik 14:00etara. Hainbat herritako janaria dastatzeko aukera izango da. Jardunaldia, gainera, musika eta dantzaz girotuko dute.