Oso desberdinak izan dira asteburuko bi saioak, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetan. Seguran nahiko apala izan bazen maila larunbatean, ondo aritu ziren denak Leitzan, igandean.
Eta hori horrela, gertu daukate finalerdietara pasea, Unai Agirrek eta Agin Laburuk; biak aritu ziren Leitzan, eta puntu asko lortu zituzten. Laburu, gainera, txartela zuzenean lortzetik gertu egon zen: bigarren sailkatu zen, 686 punturekin, Oihana Iguaranen atzetik. Agirre, berriz, bosgarren izan zen, baina 674,5 puntu pilatu zituen, eta oso ondo dago kokatuta.
Biek utzi zituzten ale onak ariketa guztietan, eta bikain aritu ziren kartzelako saioan.
Gaztelumendik, ia ezinezkoa
Unai Agirrek berak baino puntu gutxiago lortu zituen, Segurako saioko irabazleak: 673,5 punturekin irabazi zuen Jon Martinek. Unai Gaztelumendi ondo aritu zen, baina dizdira askorik gabe, eta bosgarren sailkatu zen, 620 puntu jasota. Horiekin, ia ezinezkoa dauka hurrengo fasera sailkatzea.