Gida berria dauka Astigarragak, atzotik. Astigarraga Tips! gida aurkeztu zuten Astikok eta Udalak, herriko turismo, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak jasoko dituena. Elkarlanean osatu dute gida, arlo horretan zegoen hutsune bat betetzeko: «balioko du herriko baliabideak ezagutarazteko herritarrei, herrian bertan daukaten eskaintza zabala zein den ikus dezaten; eta baita kanpotarrei ere, arrazoi ezberdinengatik, jende multzo haundiak erakartzen dituelako Astigarragak», azaldu zuten.
MOT Merkataritza, Ostalaritza eta Turismo Mahaian sortu zen ideia, herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko asmoz: «bere balio haundiena da, erakusten duela zer nolakoa den herrian daukagun eskaintza aberatsa», nabarmendu zuen Zorione Etxezarraga alkateak. Urkiri Salaberria zinegotziak, bere aldetik, goraipatu zuen Astikok orduak sartu dituela gida osatzeko, «lan haundia» egin duela: «Astikoko ehun establezimenduk baino gehiagok hartu dute parte». Baina azaldu zuen, ez dutela Astikoko gida bat egin, «herriko gida bat baizik, herri guztiarentzako delako».
Gida osoa, lau hizkuntzatan
Hizkuntza aniztasunaren ikuspegia ere landu nahi izan dute gidan, eta horregatik, lau hizkuntzatan dago gida osoa: euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta inglesez.
Edukiak atalka antolatu dituzte: Astigarragaren kokapena eta deskribapen labur bat aurrena; herriko kultur ekintza nagusien agenda bat; herriko turismo, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen inguruko informazio zehatza, sektoreka; eta Astikoko bazkide diren establezimenduen zerrenda.
Eskuragarri, Sagar Uztan eta Astikoko establezimenduetan
Gidaren 5.000 ale atera dituzte, eta eskuragarri daude, Astikoko establezimenduetan, edota Sagardoetxeako eta Hernaniko turismo informazio puntuetan. Eta bihar, Sagar Uztaren jaian ere jarriko dute postua.
Udalaren web orrian ere lortu daiteke bertsio digitala.