Etzi hasiko da, aurrekontu partehartzaileen bigarren fasea. Orain aukeratu beharko dute herritarrek nahiago duten aukera, aurreneko fasean gehien errepikatu ziren proposamenen artean.
Herritarrek etxean jasoko dute orria lau aukera posibleekin: haur parkeak berritu edota estalkia jarri parke batean; herriko kaleak eta guneak hobetu; bide osasungarrien eta kulturalen sarea diseinatu eta seinalizatu; eta Pentagono plaza eraberritu.
Aukera horietako bat markatu beharko dute ixa batekin, eta aste honetan zehar utzi beharko dute orria, zehaztutako tokietan.
Zazpi aukera, bozka uzteko
Zazpi izango dira, aukeran jarri dituzte tokiak, egun eta ordu jakinetan. Astelehenean, bi tokitan egongo dira: Norberto Almandoz plazan, goizeko 09:00etatik 10:00etara eta arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara; eta Ergobian, eguerdiko 13:00etatik 14:00etara. Asteartean, hiru aukera izango dituzte: Joseba Barandiaran plazan 12:00etatik 14:00etara; Kontxa Etxeberria plazan 18:00etatik 19:00etara; eta Arrobitxulon segidan, 19:00etatik 20:00etara. Eta asteazkenean, beste bi toki aukeran: Plazetxen 18:00etatik 19:00etara; eta Bentaken, 19:30etatik 20:30etara.
Aukera bozkatuenak izango da, Udal Aurrekontuan txertatuko dutena. Guztira, 100.000 euroko partida dago jasota aurrekontuan, herritarrek aukeratutako inbertsioa aurrera eramateko.