Sekulakoa egin zuen Urko Semperena astigartarrak, aurreko asteburuan, Bartzelonan. Pistako Miguel Poblet Memorialean lehiatu zen, profesional mailako munduko txirrindulari onenak bertan zirela: Sebastian Mora munduko txapelduna, Ryan Fintan Irlandako txapelduna, edota Illart Zuazubiskar eta Aitor Rey Espainiako txapeldunordeak, besteak beste.
Oraindik juniorra izanik, partehartzaile guztietan gazteena zen Semperena, eta ezusteko haundia eman zuen: eliminazioan, proba guztian lasterketa buruan ibili zen, faboritoak kanporatuz joan ziren, eta indarrez iritsi zen azkeneko esprintera, baita irabazi ere!
Aurretik, zortzigarren izan zen Morak irabazi zuen scratch proban, eta zazpigarren puntuazioan, tarteko hainbat esprintetan puntuak pilatuta.
Ezusteko pozgarri horrekin, denboraldiari bukaera eman zion astigartarrak. Orain, atseden hartuko du, datorren urtean 23 urtez azpikoen kategorian lehiatzeko: CD Eibar taldearekin ariko da.