«Aldaketa urtea izango da, baina ilusioa pizten du jende berriak»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 30a, 02:00

Denboraldi berezia izango da aurtengoa, gaur hasiko dena, Hernaniko emakumez­koen taldearentzat. Berezia, esperientzia haundiko zenbait jokalarik utzi dutelako tal­dea, beste jokalari berri asko sartu direlako, eta inoiz baino joka­lari gehiagorekin ari direlako lanean; berezia, hasiera zaila izango den arren, etorkizunera ilusioz begiratzeko arrazoiak aurkitu dituztelako.
«Aldaketa urtea izango da taldean», azaldu dio Amets Castrejana entrenatzaileak, Kronikari: «urteak zeramaz­ki­­ten jokalariak joan zaiz­ki­gu, bereziki hiru laurdenetan. Baina aldi berean, jende berri dexente daukagu, jokalari asko iritsi dira taldera».

«Oso positiboa da jende berria sartzea, baina pazientzia izan behar dugu; ikasketa prozesu bat dakar»
Taldearentzat albiste onena da hori, jokalari berriak gehiago izan direla, utzi dutenak bai­no: «25 jokala­ri­re­kin ari gara entrena­men­duetan, eta oso pozik gaude. Gozada bat da jende gehiagorekin entrena­tzea», dio Castrejanak.
Baina noski, talde berria eta gaztea izateak, denbora eskatzen du: «oso positiboa da jende berria sartzea, baina pazientzia izan behar dugu, ikasketa prozesu bat daka­rre­lako. Hori da aurtengo erron­ka. Esperientzia haundiko her­na­­niarrak dauzkagu, eta beraien eskutik osatu eta formatu nahi dugu taldea, pixkanaka egonkortu».
Onartzen du Castrejanak, «pixka bat zoramena» izango dela hasieran, hainbeste joka­lari berrirekin, «kudeatzeko zailagoa». Horregatik, garbi dauka «pixkanaka» joan beha­rra daukatela, «ikusiz nola eran­tzu­ten duten jokalariek. Bi hila­bete barru, sendoago egongo gara».
Abuztuaren bukaeratik ari dira lanean, astean hirutan entrenatzean; baina batzuek ostiraletan bakarrik daukate joateko aukera, kanpoan ikas­ten ari direlako.

Promozioko multzoan sartzeko aukera?
Talde sendo bat osatuz joatea izango da helburu nagusia, beraz. Baina lehiaketa ahaztu gabe, noski. Gaur hasiko dute Euskal Liga, Iruñako La Unica taldearen kontra, eguerdiko 17:30etan Landaren.
«Gogo haundiarekin ate­ra­ko gara, baina errespetuz ere bai. Kontrario gogorra da La Unica, iaz talde indar­tsu­e­na izan zen», dio entrenatzai­leak. Eta berdintsu helduko begiratzen diote ligari ere, gogoz baina errespetuz: «au­rreneko fasean, hamar talde arituko gara, eta lau onenek, promozio fasea jokatuko dute gero. Fase horretan sartu na­hiko genuke, baina oraindik ez dakigu borroka horretan egotea posible ote den. Ez dugu presiorik izan behar, pixkanaka joan behar dugu, talde sendo bat osatzeko. Iaz, jendez larriago ibili ginen, baina esperientzia gehia­go­re­kin. Bukaeran lortu genuen gure maila onena, eta horre­gatik, denboraldiko emaitza ez zen hain ona izan».

«Joku alaia, azkarra eta dinamikoa egin nahi dugu»
Eta hain justu, iaz lortu zuten joku horri eman nahi diote jarraipena, jokalari berriekin ere: «ni aurrelaria nintzen jokalari bezala, teknikoa, eta gustatzen zait joku alaia, az­karra eta dinamikoa egitea, baina ahaztu gabe indarra ere badaukagula. Hori da Her­­naniren esti­loa, klub bezala, eta estilo hori ezarri nahi dut taldean; iaz lortu genuen, eta jarraipena eman nahi diogu aurten», dio Castrejanak.
Hori lortzeko, jokalari guz­tiek izango dute jokatzeko aukera, denboraldian zehar: «partidu zailak izango ditugu, baina baita hain zailak ez direnak ere. Eta bigarren horiek, egokiak dira jende berria probatzeko, jokalari guztiei aukera emateko».
Jokalari kopuruari dago­kio­nez, talde orekatua dau­ka­te, postuz postu; «baina espe­rientzia gehiago daukate au­rrelariek, hiru laurdenetan jende berri asko daukagu». Zonalde hori indartzeko lan egin beharko dute, beraz.

«Jokalari asko edukita, errazagoa da proiektuari jarraipena ematea»
Baina orainari begira bakarrik ez, etorkizunera begirako lana ere izango da hori: «jokalari asko dauzkazunean, erraza­goa da proiektuari jarraipena ema­tea. Kantitateak aukera gehiago ematen dizkizu, bai­na konstantea izan behar duzu lanean», ohartarazi du.
Ilusioa pizteko arra­zo­iak ikusten ditu Amets Cas­tre­ja­nak, taldearen garai berri ho­netan: «lortzen badugu bloke honek jarraipena izatea, etor­kizunera begiratu deza­kegu. Aurtengoa ikusita, hala izan daitekeela dirudi. Eta horrela bada, zergatik ez Liga Nazio­nalera igoera lortu, hemen­dik bi edo hiru urtera?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!