Atzo lehertu zen festa, Lizeaga auzoan. Aurten ere, irailak ekarri ditu jaiak auzora, iazko aldaketarekin pozik, data mantentzea erabaki zutelako antolatzaileek: «jende gehiago izaten da auzoan, eta merezi izan zuen aldaketak», diote.
Hortaz, kurtsoa hasita eta, aurtengoan eguraldiaren esperoan, hiru eguneko festa izango da auzoan.
‘Gautxori’ txaranga, aurtengo nobedadea
Intxableak eta aerorrumba izan zituzten gozagarri txikienek, suziriak eztanda egin ondoren.
Atzokoan ez zen musikarik izan auzoan, baina gaur eta bihar bai, txaranga doinuek alaituko dute Lizeaga: gaur eta bihar eguerdian, Gautxori txaranga aterako da.
Gaur arratsaldean, berriz, mus txapelketak eta tortilla lehiaketak jarriko dute saltsa, toka eta bote txapelketekin batera; eta sagardo dastaketaren bueltan bilduko da jendetza.
150 lagun, herri bazkarian
Koadrilen afariak ere bilduko du jende asko, baina benetan jendetsua, biharko herri bazkaria izango da: 150 lagun inguru bilduko dira, mahaiaren bueltan; txartelak salgai Bodega Riojanan, Aitan-Etxen, Pachecon, Lizarran eta Lizeagan, 12 euroan. Eta gaurko afariaren ondoren bezala, DJek jarriko dute musika bihar ere.
GAUR, larunbata
10:30, Aurpegiak margotzeko tailerra eta jolasak.
11:30, Lehiaketarako marrazkien bilketa, eta umeentzako hamaiketakoa.
12:30, Buruhaundiak eta ‘Gautxori’ txaranga.
16:00, Mus txapelketa, Lizeaga tabernan.
17:30, Tortillak emateko ordu muga, lehiaketan parte hartzeko.
17:45, Toka eta bote txapelketak. Izenematea, 18:15ak arte.
19:00, Sagardo dastaketa eta trikitixa.
21:00, Koadrilen afaria.
23:00, Musika, DJen eskutik.
BIHAR, igandea
11:00, Omenaldia adinekoei, Sandiusterrin.
12:00, ‘Gautxori’ txaranga.
14:30, Herri bazkaria.
16:00, Barrakak umeentzat, debalde.
17:00, Musika DJ Nemuxekin.
20:30, Jaien bukaera.
Kartetan edo musika lagun, ordu txikitara arte gauero!
Toninok irabazi zuen poker txapelketa, aurreko ostiralean.
Asteburuan giroa jarriko duen txaranga bezala, gautxoriak dira Lizeagako auzotarrak ere! Auzoko jaietan, behintzat...
Gauero jarri dute aitzakia, ordu txikitara arte geratzeko; giro ederrean, gainera!
Aurreko ostiralean, poker txapelketa jokatu zuten Pacheco tabernan, eta Tonino izan zen onena, 15 partehartzaileren artean. Martin izan zen bigarren, eta Buso hirugarren.
Eta atzo ere, kartetan bukatu zuten eguna, tute txapelketarekin, Aitan-Etxen.
Ba gaur kartak ez, musika izango da, gaua luzatuko duena. DJek jarriko dute giroa auzoan, gaueko 23:00etan hasi... eta auskalo noiz arte!