Astigarragak lehen aldiz eskubaloi talde bat edukiko du aurten. Kadete mailako nesken taldea izango da eta Mundarrok bere barne hartuko du sekzio berri bat. Kluba indartzeko eta kirol aukerak zabaltzeko modua da. Jon Goiburu, Mundarroko lehendakariak, azaltzen du nola egin den bidea. «Zuzendaritza berria sortuta konturatu gara Astigarragan badaudela kirolean gauza deigarriak.
Esaterako Arantzazuko Ama ikastolan bazegoen pasa den urtean eskubaloi neska talde bat eta denak Astigarragakoak ziren. Entrenatzailea ere aita bat zen. Bertan gabezi bat dute, pista asfaltozkoa da. Hasi ginen hortik tiraka eta planteatu genuen Mundarron sartzea taldea. Abuztuan hasi ziren entrenatzen herriko kiroldegian eta eskubaloi sekzioa sortu dugu. Txapelketan alta eman eta lehen aldiz historian Astigarragak eskubaloiko taldea edukiko du».
Eskubaloiarekin batera orain Mundarrok ondoko sekzioak ditu: Futbola, pelota, saskibaloia, judoa eta atletismo sekzioa ere sortu berri da partehartze mailan, federatu gabe. «Eta hemen ere izena eman duten gehienak neskak dira» dio Jon Goiburuk.
Atletismo sekzioa ere sortu berri du partehartze mailan Mundarrok, federatu gabe
Arantzazuko Aman jokatzen zuten eta denak astigartarrak dira
Eskubaloi taldea edukitzea ez da izan Mundarroren sorkuntza bat, baizik eta egina zegoen talde bat klubaren egituran sartu dute. «DBHko ikasleak dira, Arantzazuko Aman sortu zuten talde bat eta orain nahi dugu artikulatu kluba zentzu horretan. Kirol eskaintza zabalago bat eman nahi dugu, hori bai poliki-poliki. Ezin dugu bapatean hamar sekzio ireki, hasteko ez dauzkagulako errekurtso ekonomikorik horretarako. Eskubaloi neska talde hau Mundarron sartzeko ideia asko gustatu zaigu. Alde batetik emakume kirola delako eta ikusten dugu gabezi bat dagoela eskola kiroleko zenbakietan, herri mailan zerbait antolatzen dugunean portzentaietan oso emakume gutxi daude eta ordun apustua egin dugu. Orain erronka transmisioa sortzea da. Kadete mailako azken urtekoak dira eta liga potentean sartzen dira zuzenean. Pasa den astean lagunartekoa jokatu zuten Hernanin. Laguntza eta erremintak jarri behar dizkiegu beraien eskuetan: instalakuntza, ekipamendua... ilusio haundiarekin daude, prest daude laguntzeko taldean. Eta kirol maila ere polita dute. Bultzada eman nahi dugu eta kalean bultzada sortu esaterako neska mutilak klubeko txandalarekin ikusterakoan. Palan ere neska bat dabil eta bikote bila gabiltza. Nesken kirola bultzatu behar da herrian. Orain hiru urte nesken futbol taldea sortu zen, saskibaloia dago eta orain eskubaloia». Ostegunean bertan jokatu zuten lagunartekoa Oñatiko taldearen aurka eta nahiz eta 13-18 galdu itxura ona eman zuten.
Erraztasunak kirola egiteko
Zuzendaritza taldekoak badakite biziraupena ez dagoela ziurtatuta eta gora beherak edukitzen direla saskibaloiarekin gertatzen ari den bezala. «Agian hamar urte irauten du, nork daki, baina klubak jarraituko du, kirola egiteko erreminta bat izan behar du eta zein kirol izan behar den ez da hain garrantzitsua. Kalitatea eskaintzen saiatu behar dugu, erraztasunak eman behar ditugu kirola egiteko».