Lehiaketa berezia antolatu dute Goizuetan, azaroaren 18an. Katarrapikaka! jarri diote izena; oilo itsuka jolasari, garai batean Goizuetan deitzen zioten bezala. «Guk ez genuen izena ezagutzen, baina adinekoek erabiltzen zuten. Lehiaketaren asmoa da, herriaren inguruko ezagutza eta euskera zabaltzea, eta horrekin batera, baita ondo pasatzea ere», azaldu dute LAGA mankomunitateko Euskera Zerbitzutik.
Orain hiru urte hasi ziren lehiaketa antolatzen Leitzan, eta Areson ere egin dute bitan: «arrakasta haundia izan du bi herrietan, eta ikusle asko bertaratzen dira».
Apuntatzeko aukera bihartik, lau talde osatu arte
Lehiaketan, hiru laguneko lau taldek hartuko dute parte, eta bihar bertan zabalduko dute izena emateko epea. Amaia kafetegian apuntatu behar da, urriaren 15era bitarte, edo lau talde apuntatu arte. Debalde da, eta 18 urtetik gorako herritar guztiek hartu dezakete parte: «gustatuko litzaiguke adin tarte ezberdinetakoak izatea partehartzaileak», animatu dituzte herritarrak.
Galdera eta proba ezberdinak gaindituz joan beharko dute taldeek, eta fase bakoitzean, talde bat kanporatuko dute, bi taldek finala jokatzeko.
Sari potoloak ere izanen dira: 300 euroko txekea, herriko produktu sorta, eta kultur ekintzetarako sarrerak.