Asteazkenean egin zuen iraileko ohiko plenoa, Astigarragako Udalak. Eta ordubete exkaxeko saioan, Kataluniako erreferenduma izan zen eztabaidagai nagusia: ordu erdi baino gehiago aritu ziren horren inguruan, EH Bilduk aurkeztutako mozioa tarteko.
Eguerdiko 13:30etan hasita, orain bi asteko ezohiko plenoaren akta onartuz ekin zioten osoko bilkurari.
Zerga eta tasa guztiak
mantendu egingo dira
Eta segidan, onartu egin zuten 2018ko Zerga Ordenantza ere. Zorione Etxezarraga alkateak, azaldu zuen Ogasun Batzordean landu dutela gaia, baina ezin izan dutela guztiz osatu ordenantza. Horregatik, hasierako onarpena da eman diotena, eta alegazio tekniko eta politikoak jasotzeko epea zabalduko dute orain; 30 egun baliodunez egongo da jendaurrean. Epe horretan, eta jasotako aportazioekin, osatuko dute ordenantza: «nabarmentzekoa da, ez dela igoerarik izango, ez zergetan eta ez tasetan», aurreratu zuen alkateak.
Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak, jakinarazi zuen abstenitu egingo zirela: «proposamena bera aztertu behar dugu, eta gure ekarpenak ere badauzkagu egiteko, alegazio bidez. Gainera, kezka sortu zaigu kultur etxeko sarrerekin».
Hortaz, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eman zitzaion hasierako onarpena. Abstenitu egin zen EH Bildu.
Kale izendegian aldaketa,
sei portaletan
Aho batez onartu zituztenak, hurrengo bi puntuak izan ziren. Batetik, behin behineko onarpena eman zioten Ubarburu Zabalpena eremuari, Hiri Antolaketako Plan Orokorrean.
Eta bestetik, kale izendegian aldaketa egitea onartu zuten: AIU9 eremuan egin behar diren eraikinen atariei, Aiotzategi kaleko 5, 7, 9, 11, 13 eta 15 zenbakiak ezarriko dizkiete.
Haur Eskolaren zirriborroa prest daukate, eta hurrengo batzordean aurkeztuko dute.
Kataluniaren aldeko mozioak, eztabaida
Plenoko hurrengo puntua izan zen, eztabaida piztu zuena. Kataluniaren eta demokraziaren aldeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk: «Espainiako Gobernuak martxan jarri duen errepresio aldia izugarria da», salatu zuen Gartziak, «eta gure babesa erakutsi nahi diogu Kataluniari». Testuan diote, «urte luzetako prozesu baten baitan eta herritarren gehiengo baten eskariari erantzunez, nahi hori bide emateko erabaki irmoa» hartu dutela Kataluniako instituzio nagusiek; eta Madrilgo gobernutik, «indarraren, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin erantzun dute».
Horren aurrean, bost puntu planteatu zizkion EH Bilduk plenoari: erreferendumari zilegitasun osoa aitortzea; Espainiako Gobernuaren erasoak arbuiatzea; Kataluniako alkateak deklaratzera deitu izana salatzea; herritarren borondate askean oinarritutako prozesu politikoen aldeko konpromisoa hartzea; erreferendumeko emaitza errespetatzea; eta igandera arte, estelada udaletxeko balkoian jartzea.
Horren harira, Etxezarragak azaldu zuen, ez zutela mozio alternatiborik aurkeztuko, ez delako Udalari dagokion gai bat; baina bere egiten zutela, Eusko Legebiltzarrean onartutako testua. Eta ohartarazi zuen, EH Bilduren mozioko seigarren puntuak, isuna ekar diezaiokela Udalari.
Mikel Duran PSE-EEko bozeramaileak, berriz, mozioaren kontra egin zuen: «erreferenduma ilegala da, eta horren kontra azalduko gara. Beti egin dugu negoziatu eta adostearen alde. Legea eta demokrazia errespetatzea derrigorrezkoa da, eta horrelako prozesuek ezin dute elkarrizketa oztopatu», adierazi zuen. Eta modu berean, salatu zuen PSCko (Kataluniako alderdi sozialista) kideek, bere egoitzetan mehatxuak eta irainak jaso dituztela.
Gartziak erantzun zion, Kataluniako gobernuak beti nahi izan duela adostu erreferendumaren eguna eta ordua; «baina ez du erantzunik jaso, eta bere bidea egin behar izan du. Eta demokrazia, ez da inoiz existitu Espainian, nik dakidala. Eskubide urraketa izugarria ari da gertatzen», salatu zuen.
Orduan, Duranek adierazi zuen Espainiako eta Kataluniako gobernuak oso pozik daudela egoerarekin: «ekaitz perfektua da, enfrentamendu honi buruz hitz egiten den bitartean, ez delako hitz egiten osasungintzaren egoeraz, murrizketez, korrupzioaz... ez Espainian, eta ez Katalunian». Eta Gartziak erantzun, ez dakiela Puigdemont «hain pozik egongo ote den, ikusita Kartzelan bukatu dezakeela, hartu duen erabakiagatik».
Orduan, herritar batek hartu zuen hitza: «kataluniar bezala, eskerrak eman nahi dizkiot EH Bilduri, babes honengatik; eta espero dut EAJri ere eskertu ahal izatea, hitzetan bakarrik ez, ekintzetan erakutsita babes hori. Eta legala zer den, oso abstraktua da. Garai batean, fusilatzea legala zen; AEBetan legala da heriotza zigorra, eta hemen ez...».
Eztabaida berotuz joan zen, eta Etxezarragak eman zion bukaera, bozketari bidea eginez: «krisi politiko bat dago Katalunian; ez dakigu zer gertatuko den, baina honek inflexio puntu bat markatuko du».
EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zen mozioa, eta kontra bozkatu zuen PSE-EEk. Ondorioz, estelada zintzilikatu dute udaletxeko balkoitik.
Haur Eskolaren zirriborroa, dagoeneko prest
Galderen puntuan, eta Gartziari erantzunez, alkateak jakinarazi zuen prest daukatela Haur Eskolaren zirriborroa, eta hurrengo batzordean aurkeztu eta eztabaidatuko dutela.
Eta bestalde, Gartziak adierazi zuen, harrigarria iruditzen zaiela, 2017ko aurrekontu partehartzaileetako partida irailean erabakitzea; eta eskertuko zutela batzordeetan aipatzea. Nerea Zusberro zinegotziak, aipatu zuen, bigarren faserako batzordea osatu ez den arren, jakinarazi dela zein izango ziren aukerak; «bideragarriak zirenak, azken batean». yy