«Igoerako lehian egon nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 30a, 02:00

Hasi da denboraldi berria, Her­nani saskibaloi taldearentzat ere. Aurreko asteburuan ekin zioten seniorrek, Gipuzkoako 2garren mailari, eta nola gainera! Azkune iazko txapeldunari irabazi zioten, etxean (50-40).
Hasiera ona, anbizio haundiko helburua markatu baitu taldeak, denboraldi berrirako: «igoera lortzen saiatu nahi dugu, aurreneko bi sailkatuen artean egon, edo play offean borrokatu», azaldu du Urko Vitoriak, saskibaloi taldeko koordinatzaileak.
Aldaketa asko izan dituzte aurten, ikasketak, lana edo le­sioak tarteko, baja ugari pilatu dituztelako. Guztira, bost jokalari dira berriak, ia talde erdia, baina «konstantzia» da beraien indargunea: «beti borrokan da­goen taldea da, inor ezinbestekoa izan gabe eta guztiek parte hartuz». Altuera falta oreka­tzen dute, oso joku fisikoa eta alaia eginez, eta asko presionatuz, betiko sistema berdinarekin: «kiroldegira datorren taldeak, jakin behar du beti berdin jokatuko dugula, aurreneko edo azkeneko sailkatua izan».


Nesken talderik ezin osatu
Mutilen beste hiru talde izango ditu Hernanik, azpiko kategorietan. Juniorrek errendimenduko kategorian jokatuko dute aurten, baina aurreneko urtekoak izanda, mailari eustea izango da helburua. Kadeteak, berriz, bigarren urtekoak dira dagoeneko, eta edozein kontrariori aurre egiteko gai izan nahi dute. Eta bigarren urtekoak dira infantilak ere, baina mini talderik ez dutenez, beste klub batzuek abantaila daukate; helburua, erdi parean egotea.
Zailago daude gauzak nesketan. Iaz bi talde izan baziren, «inoiz baino gehiago», aurten ez dute talderik osatzea lortu: «oso zaila da, beste kirol ba­tzu­e­tara jotzen dutelako». Eta ho­rren arazoa, kirolaren ezagu­tza faltan ikusten du Vito­riak, «beste kirol batzuetan hobeto landu dezakete eskola»; eta baita eskura dauzkaten instalazioen eskasian ere: «afizioa sortzen da, kirola ezagutzeko eta praktikatzeko aukera daukazunean». Izan ere, garbi dau­ka kalitatea eskaini dezaketela entrenamen­duetan, «heziketa prozesuari eta errespetuari garrantzia emanez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!