Zortzigarrenez antolatu dute Beldur Barik lehiaketa, Euskal Autonomia Erkidego mailan, gazteen artean sustatzeko emakumeek jasaten dituzten bereizkeria egoerei aurre egiteko jarrera. Ikus-entzunezko lanen lehiaketa da, eta Hernanin, beste pauso bat emango dute, horren bueltan: iaz hartu bazuten parte aurrenekoz lehiaketan, aurten lehiaketa eta topaketa propioak antolatu dituzte herrian, Hernaniko hainbat eragilek elkarlanean.
«Aurreko urtean, Hernanitik lau bideo bidali ziren lehiaketa orokorrera. Baina ikusten genuen, urruti xamar sumatzen dutela lehiaketa orokorra, eta gainera, zailagoa da irabaztea, bideo pila bat aurkezten direlako. Horregatik, herrira gerturatu nahi izan dugu; aktibatuta ez dauden gazteek ardura hartzea nahi dugu, eta horretarako tresna oso potente bat da lehiaketa», azaldu dute Maddalen Aduriz programako dinamizatzaileak, Amaia Altuna Parekide taldeko kideak, eta Kattalin Artola Ernaiko eta Berdintasun Kontseiluko kideak.
«Bideoa egiteak, hausnarketa prozesu bat eskatzen du, eta hori da bilatzen duguna»
Hernaniko lehiaketarekin, beraz, gazte gehiago animatzea nahi dute, helburua delako «ahalik eta jende gehiago kontzientziatzen hastea. Bideoa egiteak, hausnarketa prozesu bat eskatzen du, eta hori da bilatzen duguna», diote.
Elkarlana izan da muina, azaldu dutenez: «Berdintasun Sailetik bultzatu da, baina argi geneukan mugimendu guztiarekin bat egin behar zuela honek. Horrela, Berdintasun Saila, Berdintasun Kontseilua, Gaztelekua, Arremanitz, eta herriko zenbait eragile feminista, tartean Ernai, Parekide, Kanika... aritu gara lanean».
«Gazte batzuek dagoeneko eginda daukate hausnarketa, gaiaren inguruan, baina beste batzuek ezezaguna dute. Lanketa hori hasteko balioko du topaketak»
150 euroko saria, bi kategorietan
Lehiaketa orokorrean bezala, bi kategoria izango dira Hernanikoan ere: 12-17 urtekoak, eta 18-26 urtekoak. Sariak potoloak dira orokorrean, irabazleak 500 euro jasoko baititu kategoria bakoitzean, eta 300 euroko beste lau sari ere izango dira.
Baina Hernaniko lehiaketak ere, izango ditu sari ederrak: 150 euro irabaziko ditu, kategoria bakoitzeko bideo onenak.
Parte hartzeko modua, berbera da bietan: Youtube edo Vimeo plataformara igo behar dira bideoak, eta ondoren, Beldur Bariken webgunera jo (www.beldurbarik.org); bertan dagoen formularioa bete, eta bideoaren esteka txertatu. Hernanikoan ere parte hartzeko, formularioan bertan zehaztu beharko da Hernanitik bidaltzen dela bideoa. Azaroaren 13ra arte dago epea.
Parte hartzeko baldintzak ere, antzekoak dira bietan: gehienez 5 minutuko bideoak izango dira, indarkeria matxistaren eta bereizkeriaren kontrako jarrera erakutsiko dutenak. Desberdintasun bakarra da, Hernanikoan euskerazko bideoak soilik onartuko direla.
Sexuaren eta plazerraren inguruko jardunaldia, urriaren 21ean
Hernaniko lehiaketako bideo guztiak, azaroaren 24an proiektatuko dituzte, 19:00etan Biterin; eta bertan egingo da sari banaketa ere.
Hori baino lehenago, topaketa bat ere antolatu dute herrian. Urriaren 21ean izango da, Biterin, sexuaren eta plazerraren inguruko jardunaldia, «bertako jendeak eskainiko duena, potentzial haundia daukagulako Hernanin bertan», nabarmendu dute. 10:00etan hasita, sexualitatea eta plazerraren inguruko mahai ingurua izango da aurrena, Ander Lertxundi eta Arantxa Arrieta sexologoekin; eta erotismo tailerra ondoren, Arremanitzen eskutik, Ibai Lizarragarekin.
«Gazteei zuzendutako saioak izango dira berez, baina irekiak dira; gazte sentitzen den edonor azaldu daiteke», animatu dituzte herritarrak.
Jardunaldi horiek, balioko dute hasierako lanketa bat egiteko, lehiaketari begira: «gazte batzuek dagoeneko eginda daukate hausnarketa, gaiaren inguruan, baina beste batzuek ezezaguna dute. Eta lanketa hori hasteko ere antolatu ditugu jardunaldiak».
«Garbi dago ezberdintasun egoerak badaudela, eta gazteena adin oso ona da eragiten hasteko, gure hezkuntzarekin lotuta doan zerbait izan behar baita»
Gaztelekuan, laguntza
Lanketa egiten eta bideoak prestatzen lagunduko dute Gaztelekuko arduradunek ere. Institutuan gelaz gela aurkeztu dute Beldur Barik programa, eta datorren ostiralean ezagutaraziko dute Gaztelekuan, arratsaldeko 17:30etan. Nahi duenak, aurreko edizioetako bideoak kuxkuxeatzeko aukera izango du bertan (Beldur Barik webgunean ere bai).
«Normalean, umorea eta ironia erabiltzen dituzte, kritika egiteko. Erasotzaile-biktima dikotomia hautsi, eta ikuspegi positibotik lantzen dute gaia. Desberdintasunak irauli, eta gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea da helburua», diote.
Parekide taldeak, 60 kide inguru
Garbi daukate Adurizek, Altunak eta Artolak, mugimendu feminista oso indartsua dela Hernanin: «feminismoa gero eta indar haundiagoa hartzen ari da herrian, baita gazteen artean ere». Horren erakusle da Parekide talde feminista: «orain dela bi urte sortu genuen Institutuan. Hasieran gutxi batzuk ginen, eta zailtasunak izan genituen; baina gero eta gehiago gara gure adinean, eta gazteagoak etorri zaizkigu orain, 12 urte ingurukoak, interesatuta. Institutuko maila guztietako jendea dago taldean, eta 60 kide inguru gara», dio Amaia Altunak.
Zentzu horretan, diote «klabea» dela, gazteak beraiek izatea, gazteen artean indarkeria matxistaren kontrako jarrera sustatuko dutenak, «beraien egunerokoan erakutsiko dutenak jarrera hori».
Eta gaineratu dute: «garbi dago ezberdintasun egoerak badaudela, eta gazteena adin oso ona da eragiten hasteko, gure hezkuntzarekin lotuta doan zerbait izan behar baita berdintasuna sustatzea». yy