Asteartean bildutako Plenoan 12 puntu landu ziren azkenean, azken momentuan bi berri sartzea erabakita.
Beste hainbat gairen artean, tasa eta zergen igoera, Udalaren finantzak, aparkalekuen ordenantza moldatzea edota Kataluniaren aldeko mozioak aztertu ziren.
Tasa eta zerga arruntak mantendu; beste batzuk %1 igo
Aurreko Plenoko akta onartu eta bi dekreturen berri eman ondoren, aurtengo udal aurrekontuaren ejekuzio mailaren berri eman zuen Isa Sanchez, Ogasun zinegotziak. Orokorrean, aurreikuspenak betetzen ari direla azaldu zuen, eta kontuhartzailearen txostenaren arabera, «finantzen iraunkortasuna bermatuta» dagoela.
Bestalde, kontuhartzailearen oharrekin segita, Luis Intxaupse alkateak azaldu zuen hainbat lanposturen kontratu luzapenak egingo direla. «Aurrekontu legeak ez du uzten plaza berriak sortzen, baina postu hauek guretzat garrantzitsuak dira». Horrela, luzepena izango dute Tokiko Garapeneko teknikariak, Musika Eskolako irakasleek, eta enplegu programaren bidez Transpacarren eskaintzen diren ikastaroak ematen dituzten irakasleek.
Tasa eta zergak aldatzeko proposamena bozkatu zuten gero. Isa Sanchezek azaldu zuen gainontzeko alderdiekin eztabaidatu ondoren, proposamenak jasotzen duela mantentzea oinarrizko tasak (ur hornikuntza, saneamendua, hondakinen bilketa), zerbitzu sozialetakoak, kultura arlokoak eta beste batzuk; eta igotzen direnak, gehienez, %1 igotzea: IBIa, ibilgailuena, kiroldegikoa... Igoera haundiagoa hilerriko zerbitzuetan izango da (%15-25 artean), «diru sarrerak bajuak» direlako eta «desoreka» dagoelako. EAJk kontra bozkatu zuen «hauteskundeetako planteamenduan herritarrei esan baikenien gerakina egon bitartean ez genituela zergak igoko». PSE-EEk ere kontra bozkatu zuen, eta EH Bildu eta Orain Hernaniren aldeko botoekin onartu zen. Azken honek aipatu zuen igoerak ez zaizkiola inori gustatzen, baina «%1ekoa sinbolikoa» dela. Era berean, azpimarratu zuten kiroldegiko tasa %5 ordez %1 igotzea proposatu zutela, eta hori onartuta, alde bozkatuko zutela.
Kontu finantzarioekin bukatzeko, Luis Intxaupse alkateak azaldu zuen Udal Ondasunen Inbentarioa egin dela, eta bestetik, Sanmarko Mankomunitatearen aurrekontuaren kontrako helegitearen dekretua bozkatu zuten; OH eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zen, PSE-EEren kontrakoarekin eta EAJren abstentzioarekin.
Aparkalekuen ordenantzan, aldaketak
Jarraian, informazioaren segurtasunerako batzorde bat sortuko zela azaldu zuen Inhar Olano zinegotziak, enpresa batek egindako auditorioaren ondoren. Oposizioak hainbat zalantza plazaratu zituen, eta batzordearen osaketan desadostasunak azaldu zituen. Hala ere, azkenean onartu egin zen proposamena, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin eta OH eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Bi gai Plenoan sartzea erabaki zuten segidan aho batez. Bata, Galarretako 06 plan partzialari behin betiko onarpena; aho batez onartu zen. Bestea, aparkalekuen ordenantzan moldaketak egiteari behin-behineko onarpena eman eta jendaurrean ikusgai jartzea; hau ere aho batez onartu zen.
Azkenik, Kataluniari babesa adierazteko mozioak aurkeztu zituzten; EH Bilduk bata, eta EAJ eta OHk bat eginda, bestea. PSE-EEtik, Ricardo Crespok azaldu zuen ez zuela parte hartuko, «sutara egur gehiago botatzea» zelako. EH Bilduk aurkeztutakoa onartu zen, EH Bilduren botoekin.
Igerilekuak, zabalik
Galdera eta erreguen tartean, Esti Aldeiturriaga kiroletako zinegotziak berri eman zuen, igerilekuak gaur, 15:00etan irekiko direla.
Bestalde, EAJk, PSE-EEk eta herritar batek hainbat galdera egin zituzten, eta jasota geratu ziren, aurrerago erantzuteko.