Oztopo lasterketetan ezagun egin da Ismael Mateo hernaniarra; berak daramaki Denontzat Gimnasioa, Etxeberri auzoan, eta modalitate honetako lasterketetan munduko txapelduna da. Orain, gainera, ETB1en gaur bertan estreinatuko den Izan Invictus saioko partehartzaileen entrenatzaile ere bada. Atzo aurkeztu zuten reality berria, gimnasioan.
‘El Consquistador del Fin del Mundo’ baino gogorragoa
Aurkezpenean izan ziren Ismael Mateo bera; Gorka Garcia, ETBko Arte eta Programa zuzendaria; Patxi Alonso, Hostoil ekoiztetxeko produktorea; Julian Iantzi, saioaren aurkezlea; Joxean Goñi, saioaren zuzendaria eta El Conquis saioan ezagun egin zen Gorrotxa partehartzailea.
Hain zuzen, saio hau El Conquis bera baino gogorragoa dela aipatu zuen Gorrotxak; «Gehiago sufritu dut. Egin dudan gauzarik gogorrena izan da, baina gustura geratu naiz. Sasoian jarri naiz, eta horrela segitzeko asmoa daukat!».
Saioaren helburua da 18 partehartzaileen arteko elkarbizitza eta lehia gogorra erakustea, eta garaiezin bat izendatzea. Horretarako, Ismael Mateoren entrenamendu gogorren ondoren, proba are gogorragoei egin beharko diete aurre, Denontzat Gimnasioan eta Euskal Herriko hainbat paraje ederretan.
Hain zuzen, horixe ere azpimarratu zuten: «Realitya gure hizkuntzan eta etxean ekoitzi ahal izan dugu». Asko harrituko direla zin egin zuten.