Sei anai eta bi arreba, zortzi senide ziren Lizarra baserriko Garayartarrak, eta haietatik lau hasi ziren Garayar autobusekin; zaharrenetik gazteenera, Julian, Rosario, Angel eta Manuel. 1947an erosi zuten plaza, Manuel Garayar Otegi, lau anai horietan gazteenak gogoratzen duenaren arabera.
Ordutik 70 urte pasa dira, eta gaur egun, Manuelen ilobak, bi anai zaharrenen seme-alabek segitzen dute familia enpresarekin. Manuelek, berriz, taxista egin zituen 40 urte, jubilatu aurretik, eta tartean, makina bat abentura bizi izan zituen... Ederki gogoratzen ditu denak, eta haren 6 urteko bilobak, Lurrek, gustora entzun ditu aitonaren istorioak, Kronikari kontatu dizkion bitartean.
Txofer baino lehen, kobradore eta esne partitzen
Autobusetan lanean hasi zena Julian anaia izan zen. «Perurenarekin hasi zen, kobradore. Hura soldaduskara joan, eta Rosario hasi zen. Eta Perurenari erosi zioten linea, 1947an. Aitak diru pixka bat eman, eta beste pixka bat jarri eta... Julian eta Rosario hasi ziren aurrena, eta gero, beste autobusa hartzean, beste bi anaiak hasi ginen, kobradore, Angel eta ni, soldaduskara joan arte. 13 urte nituen, hilabete falta nuen 14rako».
Linea eta autobusa; biak erosi behar izaten ziren. Garayartarrek erositako aurrenekoak Pikoagan hasi, Ugaldetxon, eta Donostiara egiten zuen, Aietetik barrena. «Bi anaia gazteenak kobradore aritzen ginen, boltsekin. Atzeko eskailera igo eta parrillan gauzak jarri behar izaten ziren: saihetsetan, xextoetan sagarra, letxua, tomatea... eta erdian marmitak. Astoarekin Plaza Berrira marmitak eta berdurak eramaten zituzten, eta guk atuobusean eramaten genituen Donostiara: Bretxara, San Martinera eta Grosera. Gu Lizarrakoak gara, eta gu bezala, Iparragirre, Ibarluze eta Altzueta izaten ziren esne eta berdura gehien eramaten zutenak. Gure amak egunero eramaten zituen 80-100 litro esne; a realito el litro».
Eta bidean baserritar gehiagori ematen zieten zerbitzua. «Sorgintxulotik igo, eta Galarreta, Oriamendi, Aiete eta Aldapetan barrena joaten ginen. Galarretatik La Cumbre bitartean 9 baserri baziren. Denak zaldiarekin ibiltzen ziren, baina Aldapetan izorratu egiten zitzaizkien! Gu hasi ginenean denak gurekin hasi ziren, lehenago Perurenak ez baitzituen denak jasotzen».
Chausson eta Pegasoekin, haunditzen haunditzen
Aurreneko linea harekin zerbitzu zabalagoa ematen hasi ziren bezala, linea gehiago ere ireki zituzten, pixkanaka. «Beste linea bat, Urnieta-Donostia izan zen. Leandro Goñiri erosi genion linea. Rekalderaino joan, eta Añorgatik barrena joaten zen. Gero Andoainera luzatu genuen, baina asko kostata. Andoaindik Urnietara enpresa asko zegoen, eta haien firmak bildu genituen. Krafft enpresak eta dena firmatu zuen, eta azkenean lortu genuen!».
Eta behin zerbitzua haunditzen hasita, autobus berriak ere behar ziren! «Hirugarren autobusa Pegasoa zen. Bolan-tea eskubian zuen, ingelesa baitzen autobusen patentea. Beti zorretan, baina beti egin eta egin eta egin! Gero Chaussonak erosi genituen, errueda sentzillokoak. Guadalajaran erosi genituen hiru kolpean, subastan, eta honakoan Eibarren urbanoari saldu genion bat».
«Bujiak, erruedak, platinoak... denetik kanbiatzen genizkien, kotxeei herejia guztiak egiten genizkien! Aurreneko autobusari kanbioa anaion artean aldatu genion!»
Soldaduskan ere, txofer
«Ni Pegasoarekin eta Chaussonarekin ibili nintzen; 7 urte egin nituen kobradore, eta 5 txofer. Gero, taxi eta plaza bana erosi genituen Angelek eta biok; 40 urtean ibili naiz taxista».
Tartean, ordea, soldaduska egitea tokatu zitzaion Manueli. Baina han ere, txofer ibili zen! «Soldaduska Afrikan egin nuen; bi urte txofer. Ofizialarekin playara joaten ginen. Hura utzita, koronelarekin ibili nintzen, eta gero, haren andrearekin bukatu nuen Tetuanen».
Anaiek lanean segi zuten bitarte horretan, eta enpresa haunditzen segi zuten, gainera. «Tranbia itxi zenean (1958) ni Afrikan nengoen soldadu, eta deitu zidaten esanez arratsaldez ere hasiko ginela. Tranbia itxi zuten arte, goizetan bakarrik aritzen ginen; arratsaldetan, behiak jezten! Orduan hiru anai eta osaba ari ziren. Gero, Angel soldaduskan zegoela osabak ere segi zuen. Azkenean bi anai zaharrenek segi zuten, eta orain haien seme-alabek».
«Gure amak egunero eramaten zituen Donostiara 80-100 litro esne; a realito el litro»
Txofer, eta gainera, mekaniko
Kobradore izatetik txofer izatera pasa zela bai, baina, mekaniko ere ari behar izaten zuten. «Karneta ateratzeko, Citroen furgonetarekin ibili nintzen. Manibelarekin arrankatzen zen. Motor txikia zuen, eta bateria kargatzeko dinamoa behar zuen, baina exkaxa zuenez, manibelarekin lagundu behar izaten zen. Paseo Berrian harekin atera nuen karneta. Arrankatu, intermitenteari eman, atera, eta esan zidaten: bale! Gero, errueda kanbiatzeko. Katua jarri nuen, altxa nuen garaian jarri nizkion bi tako erruedari, bestela autobusa hara eta hona asko mugituko zen, eta tornilloa kendu nionerako, indarra eta palanka ondo egin behar baitziren, karneta eman zidaten!».
Horixe zen kontua: txofertzarekin batera, mekaniko ere ikasi beharra zegoela. «Bujiak, erruedak, platinoak... denetik kanbiatzen genizkien, kotxeei herejia guztiak egiten genizkien! Mekanikoa izaten zen baina gutxi; zaila izaten zen txanda hartzea eta... Aurreneko autobusari kanbioa anaion artean aldatu genion!».
Orain gauzak asko aldatu direla dio Manuelek. «Chaussonarekin egin genituen Arantzazura biaje batzuk! Zituen belozidade luzeak, eta horregatik, aldapa ezin igo ibitzen ginen, beti primeran! Hernanitik 8 autobus joan izan gara Arantzazura! Haiek bai, direkzioak gogorrak! Orain harritu egiten naiz! Sartzen naiz autobusean, eta frenoa eta direkzioa besterik ez dute; azeleradorea eta kanbioak ere, denak automatiko jarrita daukate!».
Taxista, 40 urtez
Zazpi urtez kobradore, eta beste bostetan txofer ibili ondoren, taxista egin ditu Manuelek beste 40 urte. 8-9 bat kotxe erabili dituela gogoratzen du, eta «azkenekoari 800.000km» ere egin zizikiola. Urte horietan makina bat abentura bizi izan ditu. «Urte batzuk gogorrak izan ziren Hernanin, droga asko mugitzen zen eta... Askok taxia erabili eta ordaindu ez! Eta ETAkoek sekuestratuta ere egon naiz, hiru aldiz!». Baina horiek beste kontu batzuk direla dio...
Etxean gordeta, 80 kiloko ardatza
Txantxillan pultsua egiten zuten Garayartarrek, beste hernaniar batzuen kontra. Uzkudun boxeolaria ere etortzen zen.
Garayar autobusak martxan jarri zirenetik gaur arteko errepasoa eginda, bestelako kontuak ere gogoratu ditu Manuelek; ardatzarekin pultsuan aritzen zirenekoa, adibidez. «Ardatza gordeta daukat etxeko garajean. 80 bat kilo dauzka, eta berunezkoa da. Lehen etortzen zen jendea, ikustera!».
Txantxillan, eta Tilosetako kioskoaren inaugurazioan
«Txantxilla hilerri zenekoa ezagutu nuen, eta gero, futbol zelaia. San Joanetan, soldaduskatik etorri berri ibili ginen, Angel anaia ardatzarekin eta ni laguntzen». Herritarren artean pultsua nola egiten zuten ere gogoratzen da. «Iradi egunero kilo bat txuleta jaten prestatu zen, baina kalte egin zion. Ez zuen irabazi, eta handik gutxira utzi zion pultsuan aritzeari».
Baina dena ez zen apustua. «Tilosetako kioskoa inauguratzean, un 18 de julio, pultsua egin genuen Angel eta biok, Zabaletatarren 2 anaiek, Pagoagako Mikel Lizeagak, Loidiko Osiñak eta Manolo Adarraga, Txokolok».