«Egun intentsoa eta familiarra izaten da, auzotarrek asko bizitzen dugu jaia»

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 23a, 02:00

«Oso festa familiarra izaten da Kara­bel Eguna; familia giroan pasatzen dugu, adinekoetatik txikienetara, familia osoa hurbiltzen baita. Auzoan bizi izandako asko etortzen dira, beren seme-alabekin, bilobekin... Eta oso berezia izaten da», konta­tzen du Arantxak, antolatzaileetako batek. Ondo gogoratzen du, nola etxeko balkoitik plazara begiratu, eta ikusi zituen denak familiaka jarrita, ba­koi­tza bere txokoa hartu eta maha­iaren bueltan elkartuta: «oso irudi polita da».
Oraindik prestaketa lanetan murgilduta, hartu du tarte bat antolatzaile talde batek, Kronikari kontatzeko nola bizi­tzen dituzten jaiak. Eta denak daude ados horretan: «jendeak disfrutatu egiten du egunaz, oso gustora geratzen dira; eta antolatzaileok asko bizitzen dugu». Izan ere, diote auzotarrak «urte guztian» daudela egun horren zain, eta egun bakarreko festa izanik, «oso intentsoa» izaten dela: «ia 24 orduz egoten gara festan, eta lehertuta bukatzen dugu».


«Aurten, talde majoa elkartu gara festa antolatzeko»
16 bat laguneko taldea aritu da aurten, Karabel Eguna antola­tzen: «Joseba lesionatu zaigunez, ardura gehiago hartu be­har izan dugu. Berak zeramakien batuta, nolabait esateko». Baina talde polita osatu dute: «jendea animatu da aurten, antolatzen laguntzera».

Orain bi aste hasi ziren jairako gauzak saltzen, eta aurreneko egunetan, datuak bitxiak ziren: «lau kamixeta bakarrik, eta dagoeneko bingoko 50 kartoi geneuzkan salduta!».

«Txorakeri batengatik hasi ginen bingoa egiten, eta orain sekulako tiradizoa dauka»
Aurten ere ez dira faltako au­zo­ko festan, ikusmin haundiena sortzen duten jokuak. «Baz­kalosteko hutsunea» beteko du bingo herrikoiak, baita modu dibertigarrian bete ere!
«Txorakeri batengatik hasi ginen egiten. Bazkalostean batzuk kartetan ari zirela, ezer egitekorik ez geneukan beste batzuek, eta komentatu nuen, baietz bingoa jaitsi! Azkene­ra­ko jaitsi egin nuen, eta hortik aurrera, egitarauan sartu ge­nuen. Orain sekulako tiradizoa dauka! Ixil-ixilik egoten dira denak, zenbakiak atera bitartean», dio Arantxak. Eta datuek erakusten dute, sortzen duen irrika hori: kamixetak, zapiak, paelladako tiketak eta bingorako kartoiak saltzen hasi zirenean, aurreneko egunetan salmentaren emaitzak bitxiak ziren. «Lau ka­mixeta bakarrik, eta dagoeneko 50 kartoi ge­ne­uz­kan salduta!», diote.

«Jendeak disfrutatu egiten du egunaz. Ia 24 orduz egoten gara festan, eta lehertuta bukatzen dugu».

Bokatak ere aukeran aurten, txosnan bertan
Hala ere, diote egunean bertan saltzen dela gehien. Eta aurten, gainera, boletoak, kamixetak edota zapiak bakarrik ez, besterik ere salduko dute: «orain arte edaria bakarrik izaten genuen, baina aurten bokatak ere jarriko ditugu txosnan, ilun­tzean, afaltzera geratu nahi dutenentzat», diote.

 

Sagardo dastaketa, zumba eta magoa, nobedadeak

Aurreko urteetako ildo beretik joko du Karabel Egunak, baina zenbait berritasun sartu nahi izan dituzte. Goizetik gauera izango da festa.

Egun bakarra, baina bete-betea eta ederki ospatutakoa izango da gaurkoa, Karabel auzoan. Goizetik gauera prestatu dute egitaraua, eta aurreko urteetako ildo beretik joko du. Ez dira faltako buruhaundiak, tortilla lehiaketa, paellada herrikoia, bingoa, haurrentzako jolasak (eta baita helduen­tzako ere! Adin guztietakoak aritzen dira aulki jokoan, adibidez), txokolatada, eta DJ Nemusen musika eta zezen suzkoa gauean.
Baina izango da nobedaderik, zenbait berritasun sartu nahi izan baitituzte antolatzai­leek. Horrela, aurpegiak margotzeko tailerra izango da goizean, eta pailazoen ordez, Tor magoaren ikuskizunaz gozatuko dute haur eta gaztetxoek. Sagardo dastaketa ere izango da aurten aurrenekoz; paelladako barrikotetik aurreratu dute, eguerdi partera.
Arratsaldean izango da azkeneko nobedadea. Izan ere, zumba saio batek emango die segida jolasei: «auzoan dan­tza­ri asko dauzkagu eta!», na­barmendu dute. 

KARABEL EGUNA 2017
GAUR, Karabel auzoan
10:00, Diana.
10:30, Aurpegi margolaria.
11:00, Buruhaundiak.
12:00, Tortilla lehiaketa. Tortillak aurkezteko epea, 11:45ak arte. Bi sari egongo dira: goxoena eta bereziena; bi lagunentzako bi afari, Latxunbe tabernan.
12:00, Tor magoaren ikuskizuna.
12:30, Sagardo dastaketa: Albe­rro, Otsua-Enea, Barkaiztegi, Eula, Itxasburu, Rufino, Sarasola, Zelaia.
14:00, Paellada herrikoia.
15:30, Bingo herrikoia.
17:00, Haurrentzako jolasak.
18:30, Txokolatada.
19:00, Zumba.
20:30, DJ Nemus.
21:15, Zezen suzkoa.
00:00, Traka... eta jarraitu dezala festak!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!