Astelehen gauetan eskainiko du Astigarragako Udalak, etxetresnen eta altzarien bilketa zerbitzua. Gaueko 20:00etatik 22:00etara atera ahal izango dituzte herritarrek, bilketa guneetara; eta asteartetan bilduko dituzte.
Hori bai, etxetresna eta altzariak atera baino lehen, udaletxeko informazio bulegora deitu beharko dute: 900 10 28 38.
«Lanean ari gara, zerbitzu hau doakoa izateko»
Oraingoz, zerbitzua ordainpekoa da, baina doakoa izatea da asmoa: «lanean ari gara ordenantza fiskalak aldatzeko. Hortaz, laster doakoa izango da zerbitzu hau astigartarrentzat», azaldu du Udal Gobernu Taldeak. «Bestela, tresnak Garberako Garbigunera eraman ditzakete, asteko edozein egunetan, eta inolako kosturik gabe».
Modu berean, Udal Gobernuak gogorarazi nahi izan die herritarrei, «funtsezkoa» dela gaikako bilketa errespetatzea, «gure herriko garbitasuna eta elkarbizitza mantentzeko». Eta ohartarazi dute, hondakinen ordenantzaren arabera, Udalak isuna jarri diezaiekela, araua betetzen ez dutenei.