Senda de Camilleko 3garrena, urrirako

Kronika - Erredakzioa 2017ko ira. 23a, 02:00

seguruenik ‘Senda de Camille’ ibilbideak duen etaparik politena da hau. ‘Valle de los Sarrios’ bailara eta Estanes aintzira oso leku politak dira, eta merezi du bertara hurbiltzea.

Glaziarraren mihia, lehen
‘Valle de los Sarrios’ bailara Lizarako aterpea eta Estanes aintziraren artean kokatuta dagoen zintzilikatutako bailara da. Lehen glaziar baten mihia zen, baina glaziarra urtzerakoan bailara geratu da.
Nahiko bailara isolatua da, sorotan aberatsa eta erreka emankor batekin, eta hori dela eta, bertan sarrioak ugari ibiltzen dira. Hortik datorkio izena. Bailara hau ere ezaguna da udazkenean inguruko sarrioak ugaltzera hurbiltzen direlako.
Sarrioak zeloan urrian eta azaroan sartzen dira. Tarte horretan arrek emeak jarraitzen dituzte, eta arren arteko borrokak ohikoak izaten dira. Ariek bezala buruak kolpatzen dituzte, eta atzera lehen botatzen denak galdu egiten du. Ernaldu ondoren gestazioak 20 aste inguru irauten ditu, eta apirila amaieran hasten dira kumeak jaiotzen. Emeek normalean kume bat erditzen dute. Kumeek heldutasun sexuala 2 eta 4 urte bitartean lortzen dute.

Zailtasuna:
Chorrera del Aspe pasartea

Bidaiatu ondoren Lizara aterpera iritsiko gara. Hemendik abiatuta Bisaurin eta Bernera mendien artean dagoen bailara aldera, ipar aldera, egin behar da. Igoera labur baten ondoren, zertxobait behera eginez bidea bi mendi hauen artean dagoen ‘Barranco de los Castilones’ izeneko bailaran sartzen da.
Bideak gora egiten du, eta zertxobait aurrerago ‘Caseta de Bernera’ txabola albotik igaroko gara. Igotzen jarraitu eta berehala ‘Foya de Bernera’ izeneko lautadara iritsiko gara. Sedimentuez kolmatatutako aintzira batek sortutako lautada da. Ezkerretik joanez Bisaurin mendiaren ipar-eki aldeko bideari ekiten zaio. Guk eskuinera egin, eta igotzen jarraitu behar dugu tarte labur batean ‘Puerto de Bernera’ lepora iritsi arte. Azken igoera hau oso erraz egiten da, 100 metro eskaseko desnibela egiten baita.
Lepotik metro batzuk jaitsi ondoren ‘Valle de los Sarrios’ bere osotasunean ikusten da. Bailarara jaitsi eta goitik beheraino zeharkatu ondoren, Estanes aintzirara jaisten hasi behar da. Eguraldiak laguntzen badu, aintziraren ertzean indarrak berritzeko asmoa dago.
Aintzira inguratu ondoren, igoeratxo labur batek lepo batean uzten gaitu. Hemendik aurrera bideak behera egiten du. Hasiera batean soroen artean bailara batetik behera jaisten da, baina Sansanet izenarekin ezagutzen den pagadira hurbiltzerakoan, bidegurutze batekin topo egiterakoan, eskuinera egin behar da. Baso aldera hurbilduz bideak jaisten jarraitzen du. Azkenean basoan sartu eta bere barrutik behera egin behar da Gave d´Aspe errekara iritsi arte. Erreka zeharkatu eta bideari jarraitu behar zaio. Oraingoan zertxobait gora eginez.
Toki honetan aurkitzen da Chorrera del Aspe izeneko pasartea. Ez da zaila, baina tarte nahiko labur batean bidea estutu egiten da eta nahiko aereoa bihurtzen da. Kontu pixka batekin ez da arazorik izaten.
Tartea igaro ondoren, bideak emeki gora egiten du. Basotik irten eta soro artetik ‘Collado de Causiat’ izeneko leporaino igo behar da. Bertatik Candanchuko eski estazioaren instalazioak ikusten dira gure aurrean. Guk ezkerrera egin eta gora egin behar dugu, menditxo bat bere hego aldeko magaletik  inguratu eta ‘Col de Besata’ izeneko lepora igo. Hemendik aurrera eta ibilbidearen amaiera den Sonport mendateraino dena behera da. Ordu laurden eskasean ibilbidearen amaieran gara.

 

Datu Interesgarriak

Non kokatzen da: ‘Senda de Camille’ Echo, Lescun, Anso eta Isaba eremuetan dagoen ibilbide zirkularra da.

3. ETAPA
 Luzera: 18 km
 Denbora: 6-7 ordu
 Desnibel metatua: 1.000 m inguru gorantz eta beste horrenbeste beherantz.
 Zailtasuna: Chorrera del Aspe delakoa pasatzeko, tarte labur batean nahiko bide estu eta aereoa dago. Bertigoa dutenentzat ez da gomendagarria.
 Beharrezko materiala:
Mendiko material arrunta, eta aterpean lo egiteko lo za­kua (oihalezko fin bat nahikoa).
 Mendiriz Mendik
urriaren 1ean egingo du
irteera hau.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!