Kataluniako herriari «elkartasuna eta babesa» adierazteko, eta «Espainiar estatuaren errepresio-aldia» salatzeko, kontzentrazioa deitu zuen Astigarragako EH Bilduk, asteazken arratsaldean: «Madrilgo Gobernuak, indarra eta interbentzio militar eta politikoan oinarrituta, Generalitataren aurka, eta oro har Kataluniako autonomia bahitzeko egindako erasoaldi errepresiboa salatzen du EH Bilduk», adierazi dute.
Eta gaineratu dute, Katalunia defendatuko dutela, euskal herritarren eskubideak ere jokoan daudelako, eta Euskal Herria defendatzea ere badelako: «euskal herritarrek, une historiko honen tamainako erantzuna eman behar dute. Urriaren 1eko Erreferendumaren aldeko erabateko babesa adierazten dugu, ezin zaizkiolako mugak jarri herritarren borondateari».
Eta gaineratu dute: «egoera honek erakusten du, ez dagoela Estatu espainola demokratizatzerik, eta demokrazian sakontzeko bide bakarra, independentzia dela. Horregatik, eskubide demokratikoen berme bakar gisa, euskal herritarrek ere Euskal Estatua sortzea ezinbestekoa da».
Kontzentrazioaz gainera, mozio bat ere aurkeztu du EH Bilduk udaletxean, erreferenduma babesteko; eta dei egin die herritarrei, datorren asteazkeneko Plenora azaltzeko.