Herriari aurkeztuko dio aurtengo Ohorezko Mailako taldea Hernaniko Errugbi Elkarteak bihar. Aurreko urtean bertan behera utzi ondoren, berreskuratu egin du klubak taldea Tilosetan aurkezteko ohitura.
Bihar izango da ekitaldi ofiziala, kioskoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Herritarrak animatu dituzte taldea ezagutzera eta animatzera joateko.
Eguerdiko 12:00etan jokatuko du Ligako bigarren jardunaldia, etxean, Landaren.
VRAC aurkari, bigarren jardunaldian
Baina ez da Hernaniko Errugbiko Ohorezko Mailako taldeak astebururako daukan zita bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Herritarren animoak eta babes osoa jaso ondoren, VRAC Quesos Entrepinaresen kontra neurtuko ditu indarrak igandean, eguerdiko 12:00etan, etxean, Landaren.
Etxean jokatzen duen bigarren partidua izango da igandekoa, eta ez du erraza izango, izan ere, jardunaldi baten ondoren, bigarren dago VRAC taldea, aurreko urteko Ligako txapelduna. Hernani, ordea, sailkapenean zortzigarren dago, Cisnerosen kontra 22-28 galdu ondoren.