«Gure hizkuntzaren normalizaziorako bide horretan», azaldu zuen Koro Etxeberria euskera zinegotziak, euskera ikastea pausu bat gehiago da.
Eta horretara, euskera ikastera, animatzeko, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo zinegotziak berak, Ixiar Erasun AEK euskaltegiko ordezkariak, Joseba Arbelaitz Udal Euskaltegiko zuzendariak, eta Malores Etxeberriak, Udaleko euskera teknikariak. Izan ere, «badaukagu zer hobetua», adierazi zuen teknikariak.
Herriko bi euskaltegien ordezkaritza
Lan horretan, hain zuzen, buru-belarri aritzen dira ikasturtero herriko bi euskaltegiak: Udal euskaltegia eta AEK. «Aipatu behar da bi euskaltegiek egiten duten lana [...]. Biak kalitatezko irakaskuntza dute eta izugarrizko profesionalak dauzkate», goraipatu zituen Koro Etxeberriak, beren lanagatik zoriondu ondoren.
Erasun eta Arbelaitzek, ordea, beren lanaren inguruko xehetasunak eman zituzten.
Udal euskaltegiko zuzendariak, bere aldetik, hiru publiko zehaztu zituen: euskera ez dakitenak, jakin bai baina maila hobetu nahi dutenak, eta era berezian identifikatu zituen jubilatuak. «Ez dago bilobekin euskeraz hitz batzuk egitea baino motibazio haundiagorik», esan zien azkeneko hauei.
Horrez gain, nabarmendu zuen euskera, komunikatzeko modu bat baino gehiago dela, «komunitatera hurbiltzeko» aukera bat ere badela, horrek dakarren guztiarekin: jakintza bat, kultura zehatz bat...
Eskaintza zabala
AEK euskaltegiko ordezkariak, aldiz, eskaintzaren inguruan eman zituen azalpenak. «Erabilera da Hernanin dugun erronka» azaldu zuen, eta bide horretan ari dira egokitzen herriko bi euskaltegiak.
«Azken urteotan metodologikoki aldaketak izan dira bi euskaltegietan, eskaintza jendearen erritmora eta betebeharretara egokitzeko», onartu zuen Ixiar Erasunek. Horrela sortu dituzte, autoikaskuntza edota online ikasketak, «bizi erritmoa gero eta azkarragoa baita».
Edozein kasutan, «bakoitzak daukan helbururako aukera eskaintzea» da asmoa, izan ere, «denon beharrak ez dira berdinak».
Eta behar horiei egokitzeko, eta era berean, erabilera hori indartzeko, euskaltegiaren eta kalearen artean «zubilana» egiten saiatzen dira. Hala sortu dira Kafe Tertulia bezalako egitasmoak, baita irteerak, edota formatu akademikotik ateratzen diren beste hainbat ekintza ere.
«Helduen momentua ere bada»
Erabilerari eman beharreko bultzada horretan, Koro Etxeberria zinegotziak helduak jarri zituen jomugan: «euskararen etorkizuna gaur hasten da. Askotan haur eta gazteengan pentsatzen dugu, baina guri dagokigu horri eustea, haur eta gazte horiek begiratzen diren ispilua baikara. Helduen momentua ere bada».
Diru-laguntzak, %90a arte
Era berean, Etxeberriak adierazi zuen euskera ez ikastearen arrazoia ezin dela ekonomikoa izan: «apuntatzera animatu nahi ditugu herritarrak, eta arazoa ez dadin dirua izan!». Horretarako baitaude, hain justu, Udalak eskaintzen dituen diru-laguntzak: «pausoak ematen ari gara doakotasunera iristeko».
Egun, langabetu, jubilatu eta gazteek %90 arteko laguntza jasotzen dute, eta lanean daudenek, %75a artekoa.
INFORMAZIO GEHIGARRIA
- UDAL EUSKALTEGIA (Karobieta, 63; anbulategi zaharra). Matrikula hilaren 22ra arte; ikasturte hasiera, hilaren 25ean. Bulego-ordutegia: 09:30-13:30 eta 16:30-19:30. C1 maila arte.
- AEK EUSKALTEGIA (Larramendi, 11, behea). Matrikula hilaren 29ra arte. Bulego-ordutegia: 09:00-13:00 eta 17:00-19:00. Aurten, aurrenekoz, HABEren laugarren maila edo C2 maila eskainiko dute.