«Aurten ere bat egingo du Astigarragak, Europako Mugikortasun Astearen ospakizunarekin», azaldu du Udal Gobernu Taldeak, «eta horretarako, hainbat ekintza antolatu ditugu herrian».
Bihar eta etzi izango dira ekintza horiek, eta helburua da, «herritarrak kontzientziatzea kotxearen ordezko garraiobide alternatiboen erabileraz; eta aldi berean, ariketa fisikoa eta praktika osasungarriak sustatzea astigartarren artean», nabarmendu dute.
Hiru ekintza antolatu dituzte: helduentzako gimnasia bihar; eta etzi, paseotxoa eta Herri Eskolako ikasleentzat ginkana eta txokolatada.
Helduentzako gimnasia saioa, bihar goizean
Ariketa fisikoa izango da protagonista, hain justu, prestatu duten aurreneko ekintzan. Gimnasia saioa antolatu dute bihar, helduentzat, goizeko 11:00etan hasita Joseba Barandiaran plazan. Herritar guztiei irekia izango da.
Beste bi ekintzak, berriz, ostiralean izango dira. Ordu berean, 11:00etan, bueltaxka egingo dute oinez, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta. Eta arratsaldean, ikastolara mugituko dute mugikortasunaren festa. Ginkana egingo dute Herri Eskolako ikasleek, eta segidan, txokolatada ere izango dute.
Hiru ekintza horiez gain, sentsibilazio kanpaina bat ere jarriko du martxan Udalak, 30eko abiadura eremuaren inguruan, «trafikoaren abiadura murrizteko. Batetik, kutsadura eta zarata gutxitu nahi ditugu, eta bestetik, astigartarren irisgarritasuna, segurtasuna eta bizi kalitatea hobetu», azaldu dute.
MUGIKORTASUN ASTEA
BIHAR, osteguna
11:00, Helduentzako gimnasia aire librean, Joseba Barandiaran plazan.
ETZI, ostirala
11:00, Oinezko ibilbidea. Joseba Barandiaran plazatik abiatuko da, eta udaletxean bukatu.
16:30, Ginkana Herri Eskolako ikasleentzat, ikastolako patioan. Ondoren, txokolatada.