Puntu Soziala egitasmoa jarri zuen martxan duela urtebete TaPuntu Kooperatibak, gizartean eragin positiboa duen elkarte bat saritzeko asmoz, eta Baseherri Sarea izan zen aukeratua orduan. Urtebetez, kooperatibaren zerbitzuak jaso ditu doan elkarteak, Ioana Iñigez ordezkariak esperientziaz hitz egin du, eta oso positiboki baloratu du.
Puntu Soziala egitasmoaren aurreneko edizioan eman zenuten izena. Zergatik?
Ikusi genuen egitasmo berri bat zela gizartea eraldatzeko taldeei zuzendutakoa. Orduan, ikusi genuen oso ondo egiten zuela bat gure proiektuarekin, eta esan genuen: «zergatik ez?». Eta aurkeztu egin ginen.
Zer-nolako esperientzia izan da?
Beraiekin egin ditugu: promozio bideo bat eta sare sozialen kudeaketa. Eurek arduratu dira bideoa egiteaz; egia esan, lehendik ere pendiente geneukan gauza bat zen, eta Ta Puntukoak egiteko prest azaltzea oso onuragarria izan da.
«Aspalditik eman nahi izan diogu astindu bat sare sozialen gaiari. Ez genuen asmatzen nondik jo, ez nola baliatu horiez. Eman dizkiguten erremintak ere, oso baliagarriak izango zaizkigu».
Zertan lagundu zaituztete?
Alde batetik, gure artean ere antolatzea, ez baita batere erraza izan. Eta bestetik, sare sozialak maneiatzen; ikasi dugu gizarteratze prozesua egiten; nola zabaldu gure mezua jendearengana iristeko.
Eta zein da horretaz guztiaz egiten duzuen balorazioa?
Alde batetik, oso erabilgarria izan zaigu bideo korporatiboarena, guretzat eskaparate moduko bat delako: zer garen azaltzen du, hitz gutxitan.
Bestalde, aspalditik eman nahi izan diogu astindu bat sare sozialen gaiari. Ez genuen asmatzen nondik jo, ez nola baliatu horiez. Gai horretan eman dizkiguten erramintak ere, oso baliagarriak izan zaizkigu.
Etorkizuna, ordea, nola ikusten duzue Basherri Saretik?
Gurean segitzeko asmoa daukagu, kontsumo taldeak eta kooperatiba agroekologikoak bultzatzen, elikadurari beste zentzu bat emanez. Denak ez du balio, garaian garaikoa kontsumitu behar da. Eta horretarako, jendea bultzatuko dugu astean bere saskitxoa hartzea.
«Nahiz eta gure proiektua izan, beste elkarlan batzuk bilatu ditugu lana aurrera eramateko»
Fase berri bat gehitu dio TaPuntu Kooperatibak Puntu Sozialaren proiektuari: finalisten fasea. «Hiru finalista aukeratuko dira, beraiekin elkarrizketa bat izango dugu beren beharrak ezagutzeko, eta ondoren, aukeratuko dugu irabazlea», azaldu du Olaizek.
Iaz egin zenuten Puntu Sozialaren aurreneko edizioa. Zergatik aukeratu zenuten Basherri Sarea?
Hiru izan dira arrazoi nagusiak: aurrenekoa, gizartean eragin zuzena duela, pertsonengan; bigarrena, behar batzuk detektatu genituela, eta horiei bultzada emateko beharra ere bai; eta azkena, komunikazio gabeziak zituztela, beren mezua gizarteratzeko orduan.
Eta aurten, zer bilatzen duzue?
Helburua mantentzen da, alegia, gizartean eragin positiboa daukan egitasmo bati bultzada bat ematea. Egitasmo horiek izan daitezke helburu sozial bat, elkarte bat, enpresa bat... hori irekita dago, betiere, aurreneko baldintza hori betetzen badute.
Baina aldaketaren bat badago aurten, ezta?
Bai, bakarra batez ere. Fase berri bat gehitu dugu: finalisten fasea. Proposatu direnetatik, hiru finalista aukeratuko dira, beraiekin elkarrizketa bat izango dugu beren beharrak ezagutzeko, eta ondoren aukeratuko dugu irabazlea. Bestela, egitura mantentzen da.
Nolatan sortu zenuten Puntu Soziala egitasmoa?
TaPuntu Kooperatiba sortu genuenean argi genukan arlo soziala landu behar genuela, izan ere uste dugu badugula ardura gizartearekiko. Eta hala egin dugu, gure jarduerak eskaintzen dizkigun baliabideen bidez.
Dena den, nahiz eta gure proiektua izan, beste elkarlan batzuk bilatu ditugu lana aurrera eramateko; adibidez, PuntuEus Fundazioarekin. Eta gehiago izateko prest gaude.
Ikusi aurkezpen-bideoa, hemen.