Hainbat aldaketa izan ditu taldeak aurten, baina aurredenboraldian majo egin dute lan, eta ilusioz eta indartsu ekingo diote aurtengo denboraldiari, Mundarro klubeko erregional preferenteko futbolariek.
Hain zuzen, Ligako aurreneko partidua bihar jokatuko dute, arratsaldeko 16:00etan hasita. Derbi polit bati egin beharko diote aurre, Hernaniren kontra ariko baitira, Zubipeko zelaian.
Entrenatzaile eta jokalari berriak izan arren, «talde orekatua»
Aurredenboraldia bera hainbat aldaketarekin hasi du taldeak. Batetik, Egoitz Sayar entrenatzaileak gidaritza utzi du, eta Beñat Iñurritegi fitxatu du Mundarrok. Hala ere, gainontzeko entrenatzaileak orain artekoak izango dira: Adur Basurko eta Angel Barjacona.
Bestalde, jokalarien artean ere izan da aldaketarik, baina entrenatzailearen esanetan, «taldea orekatuta geratzea lortu» da.
Horrela, aurredenboraldiari gogotsu ekin diote, «gogor entrenatuz», iazko denboraldian azken momentuan salbatu zirenez, aurtengoan «gutxiago sufritzea» baitute helburu. Beraz, gaurkoan hiru puntuak etxera ekartzen saiatuko dira, Liga hasiera ona izan eta hurrengo partiduetarako bidea markatzeko.